Jose Luis Navarro laudioarra zendu zen atzo gauean. Gaixorik bazegoen ere, ezustean gertatu da heriotza. Jende askorentzat Navarro San Roke Kofradiako ordezkari nagusienetakoa izan da, baina bere ibilbide publikoa nabarmen luzeagoa da.
Izan ere, Navarroren izena lehen aldiz egin zen publiko ETAko militantea izateagatik. ETA Militar eta ETA Politico Militar erakundeen zatiketa baino askoz lehenago aritu zen bertan, Frankismo garaian. Dirudienez, talde armatuaren ekintza oso entzutetsuan parte hartu zuen modu batean edo bestean, eta Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argalaren kide estua izan zen. Laguntzat zuen laudioarrak Argala, baita Txomin Iturbe ETA Militarreko beste zuzendari historikoa edota Josu Urrutikoetxea, zeinak Navarro bisitatzen zuen Iparralden egon zenean bizitzen.
ETAn izandako militantziaren ondorioz, erbestera jo behar izan zuen eta horrek Iparraldera eta Belgikara eraman zuen. Dena den, talde armatutik urruntzen joan zen denborarekin eta Franco hil ondoren Laudiora itzuli zen. Bere bilakaera politikoak PCEra, Euskadiko Ezkerrara eta PSE-EEra eraman zuen (egun PSE-EEko kidea zen). Gesto Por La Pazen ere aritu zen.
Sindikalismoan ere urteak eman zituen, CCOOn. Aceros de Llodio enpresaren itxierak bete-betean harrapatu zuen eta erretiroa hartu eta gero ere militatu zuen amiantoaren kontrako epaiketetan parte hartzen.
Azken urteetan Laudion San Roke Kofradiaren irudi publikoa izan zen, maiordomoa izan baitzen 2009tik 2023ra. Emakumeen parte hartzea arautu behar izan zenean abiatu zen bere ekarpen bizia kofradian. Berak gidatu zuen, nolabait, prozesua emakumeek abuztuko bazkarian parte har zezaten mahaian jaten (eta ez zerbitzatzen soilik) eta Kofradiaren irudia berritzen lagundu zuen, jarduera kultural ugari antolatuta (liburuen argitalpenak edota erakusketak).
Laudioko elkartegintzan ere aktiboa izan zen, Santa Luzia Abesbatzan edota SOS Laudioko Lamuza Parkean, eta Franckingaren kontrako mugimenduan ere interesa agertu zuen.
Uda honetan Espainiako estatuko zentroek egiten duten jaian omendu zuten eta hitza hartu zuen bertan. Politika eta balio aurrerakoiak oso presente izan zituen hitzartze horretan.