Tradizioa eta jaia uztartuko dituzte Sagar Egunean

Txabi Alvarado Bañares 2024ko urr. 9a, 06:00

Sagar zukua egiten igaroko dute larunbat goiza Aldai plazan. / Aiaraldea.eus

Goiz osoko egitaraua egingo dute larunbatean Aldai plazan. 

2017an antolatu zuten Sagar Eguna lehenbiziko aldiz Kukutze elkarteko kideek, eta ordutik hona urtero errepikatu dute zita urrian, pandemiak irekitako parentesian salbu. Sagarrak Laudioko eta eskualdeko historian izan duen garrantzia eta jokatu duen berebiziko papera nabarmentzea izan da beti ekimenaren xedea. 

Horretarako, antzeko egitaraua mantendu du jaiak azken urteetan, eta aurten ere egitura bera izango du. Urriaren 12an izango da aurtengo zita, datorren larunbat goizean. Ohikoan bezala, Aldai plazan hasiko dute jaia goizeko hamarretan, artisauen eta baserritarren produktuen azokaren eta sagardoa egiteko tresnen zein antzinako argazkien erakusketekin. Ordu berean egingo dute "Sagarraren aurkezpena" eta sagar zukua ekoizteari ekingo diote jarraian, eskuzko metodoak zein prentsa baliatuta.

11:30etatik aurrera haurrentzako jokoak ere egongo dira plazan. Handik ordu erdira gastronomia txapelketaren txanda izango da. Parte hartzaileek etxe edo txokoetan egin beharko dituzte sagar-tartak, eta 12:00etatik 12:30etara izango dute prestatutakoa aurkezteko tartea. 

Sagar-desafioa

Horren ostean iritsiko da eguneko jarduerarik deigarrienetako bat: sagar-desafioa. Parte hartzaileek eguerdiko hamabiak arte izango dute erronkan izena emateko tartea, eta ahalik eta sagar-zuku gehien egin beharko dute denbora tarte jakin batean, fruta zatituz eta txikituz. 
Norgehiagoka horren klimaxa igarota amaituko da Sagar Egunaren aurtengo edizioa, frutaren zukuarekin eginiko garrafaren dastatzearekin eta tarta lehiaketaren zein desafioaren sari banaketarekin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide