Laudioko Udalbatzak Lanpostuen Zerrendan aldaketa onartu du gaur hiru profil berri sortzeko tokiko erakundean: Herri Segurtasuneko Arduraduna, administrazio-lanpostua eta garbitzailea.
Lanpostu deigarriena udaltzainburuarena da. Izan ere, duela urtebete EH Bildu eta Omniako udal gobernu taldeak erabaki zuten zegoena kentzea konfiantza galdu zutelako berarengan.
Udalak hautaketa prozesuak egin ditu hutsune hori betetzeko, baina hautagaiek azken unean uko egin zioten postuari, arrazoi ekonomikoengatik, Iñigo Martinez zinegotziak adierazi duenez. Horri aurre egiteko, berezko profila garatu dute.
Hala adierazi du alkateak: "Herritarren Segurtasuneko arduradunaren kasuan, udaltzain gisa ibilbide profesionala egin duen pertsona batek beteko du kargua, sortu den lanpostuaren pareko erantzukizunekin”.
Aiaraldea Komunikabideak jakin izan duenez, EAEko hiriburu batean aritzen den udaltzain bat izango da lanpostua hartuko duena.
Konfiantzazko kargua
EH Bilduko zinegotziak aipatu du lanpostua behin-behinekoa izango dela konfiantzazko kargua delako eta alkatearekin batera lan egingo duelako. Dagoen egoera konpontzeko hartu dute bide hau. Martinezek erantsi du Udaltzaingoak egiturazko arazoa duela aspaldi (lantokia, trebakuntza maila...) eta hau lehen urratsa baino ez dela hori iraultzeko. Aiaraldea Komunikabideak jakin izan duenez, EAEko hiriburu batean aritzen den udaltzain bat izango da lanpostua hartuko duena.
Poliziaren buru berriaren lanak
Iñigo Martinezek Udalbatzan argitu duenez, langile berria zuzenean arituko da alkatearekin eta polizian eragingo du, baina Udaltzaingoaren egituren barruan egon gabe: "Lanpostua beteko duen pertsonak Udaltzaingoaren berezko gaiei buruzko aholkularitza emango die alkateari eta gobernu-taldeari, bere ardurapeko agenteen jarduera planifikatu eta zerbitzua antolatu eta gainbegiratuko du, udalerri barruko eta udalez kanpoko koordinazioa egingo du, poliziako langileen prestakuntza egokia eta eguneratua ziurtatuko du, udal-espedienteak izapidetu, eskakizun judizialak bete, eta herritarrei arreta eman eta kontsultak ebatzi, besteak beste".
Oposizioaren erantzuna
Bozketa azaltzerako orduan, PSE-EEk abstentzioaren bidea hartuko zuela aipatu du. Izan ere, Loli Muriel ados zegoen beste bi postuekin, baina ez Herri Segurtasuneko Arduradunarekin. Omniak antzeko iritzia izan du, baina azpimarratu du uste duela EH Bildu zintzotasunez jokatzen ari dela Udaltzaingoan dagoen arazoa konpontzeko eta horregatik bozkatu du alde.
EAJ, aldiz, oso kritikoa izan da. Ander Añibarrok adierazi du konfiantzazko kargu bat sortu dutela udaltzainburuaren lanak egikaritzeko, baina horrek ez duela legea betetzen. Alegia, polizia batek (legez polizia lanak betetzen dituenak) soilik bete dezake ardura hori, euren aburuz. Halaber, neurria adabakia baino ez dela iritzi du Añibarrok eta nabarmendu du profil horrek egungo alkatea baino gehiago kobratuko duela.
Hitzartzeen txandan Iñigo Martinezek erantzun dio EAJri eta aurpegiratu dio EH Bilduk hartutako bidea Jon Karla Menoio alkate jeltzaleak hartutako bera izan dela. Gainera, kritikatu du bera alkate zenean Udaltzaingoan dauden arazoak konpontzeko aukera izan zuela eta ez zuela egin.
Antzeko iritzia plazaratu du Omniak. Hau da, arazo hau egungo udal gobernu taldeari heldu zaiola, baina EAJren garaian bazegoela eta denbora izan zuela konpontzeko.
Bere azken hitzartzean Ander Añibarrok argitu du Jon Karla Menoiok konfiantzazko kargua izendatu zuenean bazegoela udaltzainburua eta, hortaz, egoera ez zela bera. Horrez gain, aldarrikatu du bere legealdian udaltzainen interinitatea asko murriztu zutela.