Sindikatuek elkarretaratzea deitu dute asteazkenean San Roke nagusien egoitzako langileak babesteko

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 17a, 11:30

Laudioko San Roke nagusien egoitza. / Aiaraldea.eus

Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizaterako Langile Batzordeak elkarretaratzea egingo du urriaren 23an Laudioko San Roke nagusien egoitzaren aurrean,11:00etatik 12:00ak arte. Sindikatuen asmoa da beharginen profesionaltasuna aldarrikatzea.

Azken astea oso gorabeheratsua izan da Laudioko San Roke nagusien egoitzan, Zaintza Araba elkarteak egindako salaketen ondorioz. Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak berak aipatu zuen gatazka asteartean eta gaur Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizaterako Langile Batzordeak, zeinak beharginen ordezkariak biltzen dituen, elkarretaratzea deitu du urriaren 23rako, 11:00etatik 12:00ak arte.

Batzordeak erabateko babesa adierazi die Laudioko San Roke egoitzako beharginei eta erasotzat jo dituzte Zaintza Arabak zabaldutako akusazioak. "Egoitzako langileen profesionaltasuna zalantzan jartzeak erabateko ezjakintasuna eta asmo txarra adierazten du, adierazi dituzten gezurrak kontuan hartuta", aipatu dute.

"Egoitzako langileen profesionaltasuna zalantzan jartzeak erabateko ezjakintasuna eta asmo txarra adierazten du, adierazi dituzten gezurrak kontuan hartuta"

Banakako zaintza plana

Langileen Batzordeak jakinarazi du egoitzako pertsona guztiek zainketa-plan indibidualizatua dutela, familien parte-hartzearekin garatua eta adostua. Horrela, honakoa aldarrikatu du langileen ordezkaritzak: "Errespetuz zaintzen ditugu gure jarduera guztiak, edozein jarduera egiteko pertsonak behar duen laguntzaren arabera. Ez dago inoiz tratu iraingarririk, baizik eta erabiltzaileak duen premiaren eta mendekotasun/autonomia mailaren araberako zaintza".

Azkenik, nabarmendu dute familiei jakinarazten zaiela zer aldaketa gertatzen diren zaintza-premian, eta hartzen diren erabakietan parte hartzen dutela.

LAB sindikatuak ohar kritikoa plazaratu du

Sindikatu abertzaleak ere testua zabaldu du San Roke egoitzan gertatu dena baloratzeko eta erakundeak azpimarratu du hedabideek langileak kriminalizatu dituztela eta bigarren maila batean utzi dutela Arabako Foru Aldundiaren ardura.

LABek salatu du egoitzaren laguntze solairuan hiru erizain laguntzaile baino ez daudela 25 erabiltzaileren beharrak asetzeko eta, ezusteak gertatzen direnez, maiz zenbait ardura alboratu behar dituztela. Halaber, langile erakundearen ustez, erizain eta fisioterapeuta plaza gutxi daude: "Erizain bakarra dago bi solairu artatzeko eta fisioteraupeta eta laguntzaile bana arratsaldeko ordutegian Amurrioko eta Laudioko zentroetan lan egiteko".

Zaintza Arabaren kezka eta haserrea ulertzen duela aipatu du LABek, eta kritikatu du Arabako Foru Aldundiak eredu utopikoa aurkezteko baliatu duela polemika. "Zaintza sistema jasangaitza da eta langile gehiagoren kontratazioa beharrezkoa da", aldarrikatu du sindikatuak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide