Urriaren 18tik abenduaren 15era bitartean kanpaina berri bat jarriko du abian APILL Merkataritza Elkarteak Laudio Berrikusi app-aren bidez, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak babestuta. Honakoa izango da kanpainaren mezua: "Gabonetako zozketa". Partaidetza guztien artean 1.000 €-ko txartel bat zozketatuko da Laudioko establezimenduetan kontsumitzeko, eta Athletic Clubeko kamiseta 33 zenbakidun dortsalarekin, Aingeru Olabarrietak sinatua. Abenduaren 17an izango da zozketa.
Kanpainan parte hartu ahal izateko, bezeroek urriaren 18tik abenduaren 15era bitartean egin beharko dituzte erosketak Laudioko edozein establezimendutan, eta tiketak app-ra igo. Tiketek 10 €-ko balioa izan behar dute gutxienez, eta partaidetza bat esleituko da erosketako 10€ bakoitzeko.
Hona hemen tiketa igotzeko urratsak:
- Sartu "LB kluba" botoian, "Gabonetako zozketa" atalean.
- Gehitu tiketa: sartu tiketaren data, aukeratu denda, tiketaren kodea (faktura-zenbaki sinplifikatua da) eta zenbatekoa.
- Datuak osatzean, kamera agertzen da eta argazkia ateratzen zaio dagokion tiketari. Baliozkoa bada, onartu egingo da. Ondo ikusten ez bada, errepikatu egin daiteke argazkia.
APILL elkarteak azaldu duenez, bezero batek establezimenduko tiket bat igo ahal izateko, Laudio Berrikusi app-aren direktorioan agertu behar du. Horregatik, negozioa direktorioan agertzen dela eta datuak zuzenak direla egiaztatzea komeni da. Aldaketaren bat egin behar izanez gero, laudio@berrikusi.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz adierazi behar da.
Merkataritza festa
Merkataritza festa antolatu du APILLek, Laudioko merkatari eta ostalarien elkarteak, ostiral honetarako. Laudioko kaleetan egingo dute eta jarduera eta promozioez gozatu ahal izango da. Udazken-neguko moda denboraldiko desfilea izango da ekintza nagusia.
Goizean 1.000 euroko erosketa-karrusela egingo dute, merkataritza festako zozketako irabazlearekin batera, Laudioko kaleak alaituz. Aurtengo irabazlea Sonia Fernandez Maza izan da. Zozketa honetan, Laudio Berrikusi app-an erosketak egin dituzten erabiltzaileek hartu dute parte, 7.500 guztira.
Arratsaldean, 18:30etik aurrera, egingo dira moda desfileak, parte hartzen duten saltokien ondoan. 20:00etan Gorobel kirol taldeak antolatutako kickboxing erakustaldia helduko da Alberto Acero plazara. Saltokiek 21:00ak arte luzatuko dute ordutegia.