Zaintza Arabak ohar berri bat plazaratu du San Roke egoitzako auziaren harira, honakoa nabarmentzeko: "Zaintza Arabak argi utzi nahi du azken asteetan Laudioko San Roke egoitzaren kudeaketaren inguruan salatu ditugun aferen ardura Ahaldun Nagusiarena eta Gizarte Politiken Ahaldunarena dela, ez beste inorena".
Halaber, elkarteak azpimarratu du "deigarria" dela "kexa eta salaketa hauen aurrean aipatutako ordezkari politikoek kexatu garenon ahotan bota ez ditugunak jartzea, gezurretan ibiltzea eta arazoari ihes egitea, dauden gabeziak konpontzeari ekin ordez".
Zaintza Arabak, oharraren bitartez, "egoitzako zein beste edozein zahar-etxetako langileen lana goraipatu eta aitortu" du, eta "horren funtsezkoa den zerbitzua emateko egiten duten ahalegina" txalotu du, "haien lana ia ezinezko egiten duten baldintzetan egin behar izaten baitute, eskasak diren behargin kopuruekin eta, kasu gehienetan, soldata miserableak kobratuta".
Zaintza Arabaren arabera, "senideak eta langileak batzuk besteen aurka jartzeko saiakera tamalgarria" izan da Arabako Foru Aldundiarena. Horren aurrean, "beti beharginen alboan" egongo dela nabarmendu du elkarteak, "zaintza batere eraginkorra ez den modu honetan kudeatzen ari direnei aurre egiteko".
Gauzak horrela, oharraren bidez, elkarteak Ramiro Gonzalez eta Gorka Urtarani eskatu die "dagozkien ardurak" haien gain hartu eta "egoerari behar bezala" heltzeko, "langileek baldintza egokietan jardun dezaten beharrezko mekanismoak aktibatuz, egoiliarrek zein senideek merezi duten asistentzia-kalitateaz gozatzeko ezinbestekoa baita".
Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusiari erantzunez
Ohar hau Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusiak duela egun batzuk eskainitako prentsaurrekoaren erantzuna izan da. Izan ere, Gonzalezek hedabideen aurrean hitz egin zuen, Zaintza Araba elkartearen akusazioen aurrean, San Roke nagusien egoitzako beharginen profesionaltasuna eta gizatasuna defendatzeko. Arabako Ahaldun Nagusiak faltsutzat jo zituen beharginen kontrako salaketak, eta euren profesionaltasuna eta gizatasuna bera ere kolokan jarri dituztela kritikatu zuen.