Bakarrik ezin da lagunekin bai lemapean 40 urteko ibilbidea ospatuko du Kirikino Atseden Taldeak larunbat honetan. Egun osoko egitaraua prestatu dute eta ekintza guztiak Lamuza parkean izango dira.
Ander Fernandez antolakuntza lanetan ibili den kideak Aiaraldea hedabideari azaldu dionez, "larunbateko jaia Kirikinon urte guzti hauetan egindako lana ospatzeko izango da, eta bestelako aisialdi eskaintza bat proposatzen jarraitzeko, auzolanean, euskaratik eta euskaraz".
Apur bat denetarik egongo da egunean bertan, Fernandezen hitzetan: “Goizean egurrezko jolasak, puzgarriak eta diskotxantxa ikuskizuna, ondoren bazkaria, bazkalostean bingoa eta ipuin kontalaria, eta arratsalde partean tailerrak izango dira nagusi, hala nola, zeramika eta talo tailerra eta pedaldun kartak. Zunba ere egongo da gorputzak astintzeko eta iluntzean Belgorri gazte amurrioarren taldearen kontzertua. Bukatzeko, Kirikinok bere historian askotan egin duen KirikiKARAOKEA berreskuratuko dugu”.
1984an erregistratu ziren elkartearen estatutuak, baina taldeko kideek uste dute aurretik ere bazegoela mugimendua
Ander Fernandez 40. urteurrenaren eta baita 35. urteurrenaren antolaketa lanetan ibili da eta, azaldu duenez, aurreko horretan lan handiago egin zuten belaunaldi desberdinekin harremanetan jartzeko. Jendearen kontaktuak lortzen ibili ziren eta sarea osatu zuten, beraz, aurten nahiko erraz izan dute belaunaldi desberdinekin harremanetan jartzeko, mezu batzuk bidaltzea baino ez dute behar izan.
Ez dakite oraindik zenbat jende agertuko den aurreko belaunaldietatik, baina badakite batzuk bai hurbilduko dela, beraz, honakoa adierazi dute: “Nahiko pozik gaude eta gogotsu egunari ekiteko”.
Bestalde, Kirikinok 40 urte betetzen dituela ospatzeko kamiseta batzuk sortu dituzte urrian, eta larunbatean bertan, eguerdiko 12:00etan kamiseta gutxi batzuk egongo dira salgai harrera gunean, 10€tan.
1984tik auzolanean
40 urte bete dituela ospatu arren, sorrera ez dakitela zehazki zer urtetan izan zen aitortu du Fernandezek: “1984 hartzen da erreferentziatzat estatutuak egin zirelako, baina ez dago oso argi. Guri heldu zaiguna da agian lehenagotik bazegoela mugimendua”.
Eta sortzeko arrazoiaz galdetuta, argi dauka: “Euskarazko aisialdi eskaintza sortzea”. Garaian garai eta unean unera joan da egokitzen taldea, herrian eta testuinguruan izan diren beharretara. “Garaiak aldatuz joan dira, baina ibilbidea eta jarduna aisialdian, euskaraz eta auzolanean izan da orain arte eta izaten jarraituko du, zalantzarik gabe”, nabarmendu du.
EGITARAUA
Urriak 26, larunbata (Lamuza parkean)
11:30 // kalaka egurrezko jolasak eta puzgarriak
12:30 // diskotxantxa ikuskizuna
14:00 // herri bazkaria (xartelak Lio eta Keskan 6€) ondoren bingo musikatua
16:30 // Sorgina Txirulina ipuin kontalaria. Ondoren zeramika, talo tailerra eta pedaldun kartak
19:00 // zunba erraldoia
20:30 // Belgorri kontzertua. Ondoren KirikiKARAOKEA