Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Egiten dudan akats bakoitza da obraren parte”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko urr. 30a, 07:00

Goziane Rodriguezen erakusketa ikusgai dago kulturlab espazioan. / Aiaraldea.eus

GOIZANE RODRIGUEZ MUÑOZek (Laudio, 1993) Jatorria erakusketa atondu du Kulturlaben lokalean. Pinturaren esparruan aritu da orain arte, baina eskulturara egingo du salto berehala, kultur faktoriak emandako sormen bekari esker.

Duela zazpi urte elkarrizketa bat egin genizun Ermualdeko indusketetan parte hartzen zeundelako. Orain, aldiz, zure sorkuntza lanari buruz mintzatzeko batu gara. Nola egin duzu salto esparru batetik bestera?

Unibertsitatera sartu nintzenean zalantzak izan nituen Arte Ederrak edo Artearen Historia ikastearen artean. Pentsatu nuen bigarren aukerak aterabide gehiago zituela, hezkuntzan edo ikerkuntzan aritu ahal nintzelako. Horregatik erabaki nuen adar horretatik jotzea. 

Txikitan ez neukan etxean margotzeko ohiturarik. Sorkuntzak zuen potentzialtasuna ikusi nuen institutuan Arte Batxilergoa egin nuenean. Gero, lan kontuengatik eta denbora faltagatik, albo batera utzi nuen sorkuntzaren esparrua; harik eta, arrazoi pertsonalak medio, 2022an buelta bat eman nion arte nire bizitzari, eta orduan erabaki nuen sorkuntzari berriz heltzea.

“Iaz gehiago egitera ausartu nintzen. Formatua handitu nuen, estruktura zirkularra mantenduz, horrek aukera ematen zidalako konposizioa konplexuagoa bilakatzeko”

2022a izan zen inflexio puntua, beraz. 

Bai. Uste dut denari buelta emateko gogoa sartu zitzaidala. Ikusi nuen gizartea oso modu automatikoan funtzionatzen zuela, eta ni ere horretan sartuta nengoela. Izan ditudan lan guztiak egon dira erlazionatuta kulturarekin, baina sumatzen nuen lan horietan ez nuela nire ehuneko ehuna ematen. Orduan hasi nintzen pentsatzen ea zer zen nahi nuena, nire bizitza osoa berregituratzeko eta norabidez aldatzeko.

Inertziarekin apurtu zenuen.

Hori da. Egia da lehen nituen lanak mantendu behar izan nituela, bakarrik bizi naizelako eta gastu batzuk ditudalako. Baina, aldi berean, saiatzen ari naiz sorkuntza artistikoan ere aritzen. Zaletasun moduan hasi zen, nire burua berriz topatzeko bide gisa, eta apur bat serio jartzen ari da gaia (barreak). 

Oso denbora gutxian, gainera.

Bai. Baina egia da baita ere aukera asko bilatzen dituen pertsona bat naizela. Honaino heltzea lortu badut izan da dirulaguntza guztietan izena eman dudalako, kultur-espazio guztietara deitu dudalako… asko mugitu naiz eta modu horretan atera dira gauzak eta joan naiz maila igotzen. 

Fruituak eman ditu eginiko lanak?

Bai, noski, eta ahalegin hori egiten jarraituko dut. 

Zure obrari dagokionez, erakusketa honen deskripzioan aipatzen da zure lanek hasieran ez dutela esanahi zehatzik, baina prozesuan zehar hartzen dutela esanahia. 

Erakusketa hau kokatu du ideia hori ikusteko moduan. Hor atzean (Kulturlaben lokalaren eskumako aldera seinalatzen du) hiru lan jarri ditut, denak 2022 urtekoak. Obra horiek ez dute izenburu zehatzik, badira “Konposizio 1”, “Konposizio zirkularra 2”… garai hartan esperimentatzen nengoelako. 2022an margotzea joko bat zen niretzat, berriz margotzen hastea, teknika eta gauza berriak probatzea…

2023an gehiago egitera ausartu nintzen. Formatua handitu nuen, estruktura zirkularra mantenduz, horrek aukera ematen zidalako konposizioa konplexuagoa bilakatzeko. Orduan konturatu nintzen, koadroak sortzen nengoen bitartean, jarraitzen nuela arteari, estetikari, arkeologiari edota mitologiari buruzko gauzak irakurtzen. Gauzak hala, modu esperimentalean abiatzen dut sorkuntza, ehundura eta koloreekin jostatuz, eta iristen da unea zeinetan lan hori irakurri dudan edo buruan dudan ideiaren batekin lotzen dudala. Eragin asko izan du nigan Artearen Historia ikasi izanak. Erakusketa honetan dagoen Oceanus izeneko lana sortzean, adibidez, sorkuntzaren gaia etorri zitzaidan burura, eta afera filosofikoetara jo nuen, bere garaian Artearen Historia ikasi nuenean ikusitakoak. 2022a garai esperimentala izan zen eta ondorengo lana ere izan da esperimentala baina, aldi berean, baita sakonagoa eta pentsatuagoa ere. Iaz ekin nion nire koadroei identitate bat ematen, konposizio hutsak izan ez zitezen. 

Hasieratik zenuen buruan “arte abstraktua” deritzon esparrua jorratzea?

Bitxia da, nik baditudalako baita beste lan batzuk, nire ustetan obra “txikiagoa” dena. Egon naiteke etxean marrazki figuratibo bat edo bodegoi bat egiten. Badut alde akademikoago hori, baina gauza esperimentalak egiten ikusi dut benetan noraino iritsi naitekeen.

Hala eta guztiz ere, 2022ko nire lehen lanak bai esango nuke abstraktuak direla, baina egin ditudan azkenak zalantza dut abstraktuak diren edo ez. Inferno lana, adibidez…

“Iragana eta oraina konektatzen dituen zubi bat bezala sentitzen naiz Ermualdeko ikerketa artistikoan”

Bai, koadro horretan izenak berak ematen dio zentzua koadroari. 

Hori da. Uste dut nire lan batzuk erdi abstraktu eta erdi figuratiboak direla. Ikusleak ikusi dezake konposizio abstraktu bat, inolako zentzurik ez duena, baina gero badu identitate bat edo gauza sakonago bat. 

Formekin soilik ez, materialekin ere esperimentatu duzu, ezta?

Bai. Hori jendeari azaltzerakoan asko irekitzen naiz artista moduan. Nire kasuan, nire ibilbide artistikoa ulertzeko nire egoera pertsonala ere ulertu behar da. Nik badut lan bat bizitzea ahalbidetzen didana, baina arte-materialak, mundu guztiak dakien moduan, oso garestiak dira. Mihiseak ere neurrira eginak daude… inbertsio ekonomiko oso handia egin dut nire artelanetan. Horregatik, iristen da une bat zeinetan ez duzun zenbait material erosteko gaitasunik. Gustatzen zitzaidan ehundurak lantzea, eta gesso izeneko materiala probatzen hasi nintzen, baina ez zitzaidan emaitza gustatu. 

Zergatik?

Emaitza oso zuria zelako, behin sikatuta ezin da gainetik margotu, oso garestia da… nahi nuen zerbait aukera emango zidana gehiago jokatzeko. Eta egun batean, gosaltzen nengoela, kafea prestatu nuen… uste dut ideia apurtzaileenak sortzen direla gauzak elkarren artean nahasten hasten zarenean. Proba egin nuen, kafe hautsa pintura akrilikoarekin nahastuz. Mihisean jarri nuen eta, behin sikatuta, ikusi nuen ehundurak egiterakoan forma ezberdinak lortu ahal nituela. 2022an izan zen hori, eta orduan erabaki nuen horrekin jokatzea. 

Hain zuzen, ehundurak geroz eta presentzia handiagoa ari dira hartzen zure lanetan. 

Koadro txikietan apurka-apurka hasi nintzen, ehundura apur bat sartuz. Azken koadro handietan, aldiz, arriskatu egin nuen. 

Jatorria izenburua jarri diozu Kulturlabeko erakusketari. Zer dela eta?

Iaz egin nituen koadroetan asko landu zuen sorreraren kontzeptua, Ovidio olerkariaren lanari jarraiki. Oceanus lanean, aldiz, Miletoko Talesen sorkuntzaren ideia jorratzen da, berak uste zuelako dena sortu zela uraren bitartez. Horri gehitu behar zaio ni jatorriz Laudiokoa naizela… eta horregatik erabaki nuen izenburu hori baliatzea. Dena lotuta geratu da horrela. 

Erakusketa atontzeko modua ere bada sormen-prozesuaren parte bat?

Bai, erabat. Erakusketa bakoitzaren atzean badago buru-lan handia. Ni saiatzen naiz jendeari ulertarazten zer ikusten ari den. Izan daiteke arte abstraktua baina, nire lanaren kasuan, badago zerbait gehiago atzetik: diskurtso bat, zergati bat… nire lehen lanetan ez zegoen halakorik ia. Nire burua berriz ezagutzeko modu bat izan da.

Baina zer dator lehenago, diskurtsoa edo margolana? Edo bien arteko hartu-eman bat da?

Baditut lan batzuk modu esperimentalean abiatu ditudanak eta gero, paraleloki, sortu dira ideiak, eta biak uztartzen ditut gero mihisean. Egia da baita badudala Divina Comedia izeneko koadro serie bat. Inferno koadroa horren parte da, eta telebistan ikusi nuen izen bereko filma batetik sortu zen. Pelikulako protagonistak zuen pistetako bat bazen Botticellik margotutako Inferno koadroa. Koadro hori ikustean konturatu nintzen etxean banuela inoiz erabili gabeko pintura gorri bat… eta obra ikusi nuen parez pare. Batzuetan nire lanak sortzen dira unean ikusten ditudan ideiengatik, eta beste batzuetan modu esperimentalean hasten naiz. Uneoro nago buruari bueltak ematen. 

Ez dut inoiz zirriborrorik egiten. Hori da nire lanaren funtsa: akatsak dira eramaten nautenak gauza berriak topatzera. 

Koadroak prozesu osoa islatzen du orduan, akatsetatik azken emaitzara.

Hori da. Niretzat obra bakoitza bada erronka pertsonal eta intelektual bat. Arazorik gabe marraztu ahal dizut bodegoi bat, baina badakit aurrean dudana ez dela aldatuko. Nik kopiatu ahal dizut, teknika ugari menperatzen ditudalako eta Arte Batxilergoan oso irakasle onak izan nituelako. Baina mihisearen gainean arriskatzen dut gehien, ez dudalako planifikatzen. Obra hauek egiteko, adibidez, zoruaren gainean uzten dut mihisea, eta marraztu nahi dudan forma markatzen dut askoz jota. 

Baditut pintura poteak, badut kafea… eta lanari ekiten diot. Atzeko aldea marrazten dut lehenbizi, ehundurak gehitzen ditut gero… ehundura horiek imitaezinak dira, nik neuk ere ez dakidalako zehazki zenbat pintura eta kafe nahastu dudan forma zehatz hori lortzeko. Gainera, sikatze prozesuaren arabera, efektu bat edo beste eratzen da. Egia da, behin lehortuta, bertikalean jartzen dudala eta kaos bat dirudien hori konpontzeari ekiten diodala, dakidan guztiarekin. Hori da artistikoki bizitza ematen didana: arriskua. Koadroak etengabe proban jarriko banindu bezala sentitzen naiz.

Erakusketa honetan dauden koadro handiak egiterako orduan baliteke pintura tantaren bat ez dagokion tokian erortzea, baina akats bakoitza bada obraren parte, ez nituzke akastzat hartuko.  

Bi urte daramatzazu sorkuntza prozesuan murgilduta. Bide labur baina oparoa egin duzu. Nora eramango zaitu bide honek?

(Barreak) Badut norabide berri bat hartuta. Uste dut erakusketa honekin etapa bat itxiko dudala. Urte osoa igaro dut eskultura egitearen ideiari bueltak ematen. Madrilera joan nintzen Arkeologia Museo Nazionala ikustera, eta Bizkaikoa ere bisitatu nuen gero. Gogora etorri zitzaizkidan Ermualdeko indusketetan aritu nintzen garaiak, eta gogoa sartu zitzaidan ondare arkeologikoarekin zerbait lantzeko. 

“Uste dut etapa bat itxiko dudala erakusketa honekin” 

Bi saiakera egin nituen, baina ez nintzen emaitzekin pozik geratu. Horregatik ondorioztatu nuen gai hori jorratzeko eskulturaren bidea hartu behar nuela nahitaez. Urte osoa eman dut proiektuetara aurkezten eta Kultur Faktoriaren sormen beka eskuratu berri dut. Ermualde: Begirada eta kontzeptu artistiko berriak izena jarri diot egitasmoari. Horregatik uste dut orain erakusketa honekin etapa bat itxiko dudala berri bat irekitzeko, zeinetan esperimentatzen jarraituko dudan. Hori da garrantzitsuena niretzat. Ideia bada ondare arkeologiko bati heldu eta buelta ematea. 

Ermualdeko indusketetan bisita gidatuak eskaintzeaz ere arduratu nintzen, Sergio Escribanok (indusketen arduradunak) proposatuta, eta gustatuko litzaidake horretara itzultzea, uste dudalako ideia berriak sortu ahalko litzaizkidakeela ondare arkeologiko batetik abiatuta. Eskulturen eta antzinako bitxien esparrua interesatzen zait bereziki, eskuz eginiko gauza oro. 
Orain badut horretarako aukera. Ikerketan murgildu naiz dagoeneko eta momentuz albo batera utziko dut apur bat mihiseen gainean lan egitea, nire buruak ere eskatzen didalako gauza berriekin lan egitea. Esperimentatzeko eta materialekin jolasteko aukera ematen dit arteak, baina beti egiten diot erreferentzia argia iraganari, arkeologiari, mitologiari…

Zure kasuan zaila dirudi zure lana zure testuingurutik bereiztea.

Nire kasuan uste dut baietz. Niretzat Artearen Historia ikastea pasio bat zen, eta urtero noa bidaian nire gurasoekin edo nire bikotearekin eta aztarna arkeologikoak bisitatzen ditut. Oso konexio sakona dut literaturarekin, iraganarekin, arkeologiarekin. Arte garaikidea eta abangoardiak ere ditut gogoko, noski, baina lotura berezia dut antzinako kontuekin. 

Zertan datza zehazki Kultur Faktoriaren sormen bekarekin eginiko duzun lana?

Aurreratu dezakedana da oinarri moduan hartu dudala Ermualden dagoen Ama Birjinaren XIII. mendeko eskultura. Zorte handia dugu obra hori gaur egunera arte iritsi delako, eta bere garaian zentratu naiz. Pieza hori erromanikoaren amaierakoa eta gotikoaren hasierakoa da, eta sormenerako tarte gehiago eskaintzen dit horrek. Aldaketa garai bat izan zen. Forma geometrikoetan oinarrituko naiz, horrek funtsezko garrantzia zuelako erromaniko garaian. Baina gotikoan beste elementu batzuk txertatzen hasi ziren, garaiko artisauek txertatutakoak. 

Gauzak hala, interesatzen zaidana bada Laudioko antzinako ondaretik teknikak, erabilitako materialak eta estilo artistikoa berreskuratzea, buelta bat emateko. Nire helburua ez da jendeak beste Ama Birjina figuratibo bat ikustea. Beste garai batean gaude. Nire asmoa da polikromia, egurra edo taillaketa baliatzea berriz, baina obra abstraktu bat egiteko, adibidez, garai horretan inspiratutakoa. 

Horraino iritsi naiz orain arte. Proiektuak aukera ematen badit agian aukera izan dezaket gauza bera egiteko Ermualdeko erretaula nagusiarekin, errenazimendukoa dena.  Egitasmo honetan sentitzen naiz iragana eta oraina konektatzen dituen zubi bat izango banintz bezala. Urtebete daramat ideia horri bueltak ematen, eta ilusio asko sortu dit beka bat lortu izana hori garatzeko nire herrian bertan. Gogo handia dut hasteko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide