“Ermualden Erdi Aroko herrixka bat zegoela uste dugu, hori ikertuko dugu udan”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko mai. 29a, 09:26

Goizane Rodriguez Muñoz Ermualden. / G.R.

GOIZANE RODRIGUEZ MUÑOZ (Laudio, 1993) Ermualden eginiko hondeaketa eta ikerketa arkeologikoetan hartu du parte. Uztailean berriz ekingo diote indusketei.

Ermualdeko indusketei berriz heltzeko asmoa duzue uztailean. Zein izango da uda honetarako asmoa? Zer ikertzeko asmoa duzue?
Bai, aurten indusketa arkeologikoarekin jarraituko dugu. Aurkikuntza berriak topatzea eta iaz sortutako zalantzak konpontzea izango da gure asmoa. Indusketa arkeologiko batean lan egitea puzzle bat egitea bezalakoa edo antzekoa da. Urtero ebidentzia arkeologiko berriak eta desberdinak topatzen ditugu, istorio baten piezak. Batzuetan momentuan bat etortzen dira eta beste batzuetan agian hurrengo urteko indusketa egin arte ezin ditugu sartu historian logikarekin.

Iaz bezala, bi leku estrategikotan egingo ditugu indusketak, elizaren barnean izango da bata eta kanpoaldean bestea. Horrela posibilitate gehiago izango ditugu ebidentzia arkeologikoak topatzeko.  

 

“Iaz bezala, bi leku estrategikotan egingo ditugu indusketak, elizaren barnean izango da bata eta kanpoaldean bestea”



Zer edo zer zehatza edo berezia topatzea espero duzue?
Orain arte topatu ditugun aztarnarik zaharrenak XI .mendeko hilobi batzuk zian dira. Hala ere, aztarnen eta dokumentazioaren interpretazioaren ondorioz, pentsatzen dugu Ermualden XV. mendea baino lehen erdi aroko herrixka bat antolatuta zegoela. Beraz, oker ez bagaude, interesgarria izango litzateke erdi aroko herrixka horren aztarna gehiago aurkitzea, gure hipotesia ziurtatzeko eta herriaren datu zehatzagoak izateko.

Gainera, iaz eraikin baten aztarnak aurkitu genituen, ez dakigu ziurtasunez nork eraiki zuen ez eta eraikinaren funtzioa zein izan zen ere, baina maneiatzen ditugun ebidentziengatik uste dugu balitekeela Anuntzibaiko familiaren dorre-etxea izatea.  Aipatu dugun eraikin misteriotsu horren azpian beste eraikin baten aztarnak aurkitu genituen. Ermualdeko tenplurik zaharrenaren arrastoak, gure ustez.

Beraz, aurten espero dugu bi eraikin horien funtzionalitatea, ezaugarriak... konfirmatzea.



Duela bi urte ekin zenioten Ermu Andra Mariko indusketak egiteari.
Bai, aurten proiektuaren hirugarren urtea da. Nik hasieratik proiektuan parte hartzen dut. Unibertsitatean nengoen bitartean praktikak egiteko (kredituen kontua dela eta) proiektuan sartzea erabaki nuen. Aurten lan arkeologikoetan parte hartzeaz gain, bisita gidatuak burutuko ditut. Niretzako proiektua honetan egotea izugarrizko aukera  da unibertsitatean ikasitakoa praktikan jartzeko, lan munduan esperientzia izateko, gauza berriak ikasteko... Gainera, oso atsegina iruditzen zait bertan lan egitea nire herriko proiektu kultural bat delako. Gainera, proiektuan hainbat adarretako pertsonek hartzen dugu parte (historia, arkeologia, nire kasuan artearen historia…) eta horrek aukera ematen du bakoitzak proiektuari bere ekarpen propioa emateko eta bakoitzaren ezaguerak besteekin konpartitzeko.

Ermualdeko potentziala ikusiz, proiektuarekin jarraitzeko intentzioa dugu, baina laguntza ekonomiko publikoen bidez sostengatzen dira normalean proiektu hauek eta beraz, laguntza horien eskuetan gaude.



Bisita gidatuak egingo dituzue baita, ez?
Bai, aurten bisita gidatuekin jarraituko dugu.  Pentsatu dugu ordutegi berberarekin jarraitzea: astearteetan goizez, ostegunetan arratsaldez eta larunbatetan egun osoan zehar izatea bisita egiteko aukera. Hala ere, momentua heldutakoan beharrezkoa den informazio guztia modu ofizial batean eskainiko dugu.



“Pentsatu dugu ordutegi berberarekin jarraitzea: astearteetan goizez, ostegunetan arratsaldez eta larunbatetan egun osoan zehar izatea bisita egiteko aukera”




Nola baloratzen duzue herritarrek indusketekiko orain arte izanako errakzioa?
Hainbat metodo jarri ditugu martxan: bisita gidatuak, hitzaldiak egin ditugu Kultur Etxean, “barferentzia” izeneko proiektua… baina bisita gidatuak izan dira hoberen funtzionatu duen metodoa. Hala ere, hainbat ekimen probatzen ditugu jendearen erreakzio aztertzeko eta horrela, erantzunaren araberako dibulgazio proiektuak garatzeko. Aurten gazteei eta umeei zuzendutako proiektu kulturalak egitea proposatu digute. Lan polita izango litzateke hori. Kontuan hartu behar dugu Ermualdeko proiektua adin guztietako pertsonei zuzendu beharko dugula.

Bisita gidatuetara joan diren pertsonak oso era positiboan baloratu dute proiektua. Gainera, kasu batzuetan bisitetara etorri diren pertsonek  informazioa ekarri digute (Ermualdeko argazki zaharrak, dokumentuak…).

 


“Bisita gidatuetara joan diren pertsonak oso era positiboan baloratu dute proiektua”



Zerk egiten du berezi Ermualden topatutako ondarea?
Nik Laudiokoa izanda, uste dut laudioarrok betidanik Ermualdeko zonaldea (Santa Luzia laudioarrentzat) gure herriaren leku berezi bat bezala hartzen dugula. Antzematen denez, leku berezi horretan, santutegi bat dagoela ikusten dugu. Baina indusketen bitartez laudioarrok hain estimatua daukagun leku baten historia agerian usten ari gara. Istorio horretan ez du bakarrik parte hartzen gaur egun ikusten dugun santutegiak, baizik eta ezagunak egiten zaizkigun hainbat pertsonaiek ere: Anuntzibaiko familiak, “Ospines de Ugarte” familia izenekoak, Aialako familia...   Ermualderekiko interes ekonomikoak, sozialak, erlijiosoak… agertzen dira.



“Herrian hain estimatua dugun lekua  izugarrizko istorio baten lekukoa izan dela ikusten ari gara pixkanaka”

 


Laburbilduz: Ermualdeko zonaldea ireki gabeko “Pandoraren kutxa” baten modukoa izango litzateke. Herrian hain estimatua dugun lekua  izugarrizko istorio baten lekukoa izan dela ikusten ari gara pixkanaka. Historia hori berreskuratzea izango litzateke gure helburua.

Ermualdeko proiektuaren puntu interesgarri bat da bisita gidatuak indusketa burutzen ditugun bitartean egiten ditugula. Normalean ikusten ez den lana (arkeologia) ikusteko aukera ematen dugu. Modu horretan esperientzia berri bat eskaintzen diegu  ikusleei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide