SHUA GROUP

"Faktoriako bulegoetan izango da gure performancearen eszena bat"

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 25a, 07:00

Joshua Bisset eta Laura Quatrocchi, Shua Groupeko kideak. / Aiaraldea.eus

LAURA QUATROCCHI eta JOSHUA BISSET Shua Group taldeko kideak dira eta aste osoan aritu dira Faktorian performance bat sortzen igandean erakusteko 18:00etan. Paula Urkijo eta Leire Sanjurjo dantzariekin, Peru Galbete abeslariarekin eta Alberto Fernandez argazkilariarekin elkarlanean ari dira horretarako. Igandeko emanaldirako sarrerak hemen daude salgai.

Interesgarria da Detroiti buruz hitz egitea, han bizi baitzarete eta egoera oso berezia da hiriarena.

Joshua Bisset: Detroit hiri modernoa da. Izan ere, han eraiki zuen Ford konpainiak lehen muntaketa linea. Han hasi ziren autoak ekoizten eta, nolabait, makina modernoen jaioterria da. Oso hiri ikonikoa da historia modernoan. Energia berezia dauka industrializazioaren garapenari lotuta, baina baita desindustrializazioaren historiari ere, Mendebaldeko herrialdetan gutxienez.

1970etik aurrera hiri askotan islatu zen desindustrializazioa, Ford edo General Motors bezalako konpainiak hasi zirenean autoak produzitzeko modu merkeagoak bilatzen. Ekoizpena Detroitetik atera zuten, milaka lanpostu galdu ziren, jendeak hiria utzi zuen eta, ondorioz, beste hainbat toki industrializatu gisa, Detroiten biztanleria galera jazo zen, baita abandonua ere.

"Desindustrializazioarekin biztanleria galdu zuen Detroitek baina, aldi berean, leku oso aberatsa da artearentzat: Motown, MC5, Iggy Pop, techno musika han sortu zuten..."

Aldi berean, Detroit beti izan da oso toki aberatsa artearentzat, musikaren esparruan, bereziki. Motown disko etxea, MC5 taldea, Iggy Pop, punka, techno musika Detroiten sortu zuten… Hortaz, hiri txiki honek sekulako eragina izan du munduan. 

 

Horrez gain, Detroitek, Ameriketako Estatu Batuetako hainbat hirik bezala, arraza polarizazio handia dauka; borrokak, indarkeria… Horretarako ulertu behar da Hegoaldeko amerikar beltzek iparraldera jo zutela lan bila eta etxea topatu zutela Iparraldeko industrian. Egun, Detroit da Estatu Batuetako hiririk beltzena. %80 afroamerikarrak dira. 

Baltimore, Atlanta, Philadelfia eta Detroit antzekoak dira zentzu horretan eta tankerako arraza dinamikak dituzte.

Detroiti buruz entzuten edo irakurtzen dugunean, askotan da krimenari, desindustrializazioa edo zailtasunei buruz. Zuek han bizi zarete, nolakoa da benetan bertako bizitza?

J.B.: Gu Fenkell Street-en bizi gara. Oso ospe txarra dauka indarkeriari eta krimenari dagokionez. Detroiteko jende gehienarentzat irudi negatiboa dauka, baina han gu oso ondo sentitzen gara.

New Yorken bizi izan gara lehenago eta inoiz ez genuen izan auzokide sentimendua. Inork ez zizun esaten “kaixo” kalean, inork ez zuen inor ezagutzen kalean… 

"Gu bizi garen tokiak ospe oso txarra dauka indarkeria eta krimenagatik, baina gu oso ondo sentitzen gara, komunitate sentimendua dago eta hara heldu arte ez genuen ezagutu"

Detroiten zortzi urtez bizi ondoren, inguruko jende oro ezagutzen dugu, agurtzen ditugu eta guztiek galdetzen digute zertan gabiltzan. Oso esperientzia ona da. 

Aldi berean, badakit jende guztiak nahi duela bizitza arrunta izatea, ez egotea krimenik, zerbitzu publiko egokiak izatea, kalea garbi egotea… Jende guztiak nahi du, baina egia da krimen eta zailtasun ugari eta abandonu handia daudela eta horregatik maitasun, komunitate eta positibismo handia dago. Eta hori ez genuen ezagutu Detroitera joan arte.

Zuen lana, gainera, komunitatera lotuta dago.

J.B: Shua Groupekook zuzentzen dugu Andy Art Center. Azken zortzi urteetan komunitate arterako zentroa ireki dugu. Hori izan da prozesu bat. Eremu hori sentikorra da jadanik funtzionatzen duen sorkuntzara. Faktorian bilatzen duzue zein arte dagoen Euskal Herrian eta nola babestu. Andy Art Center bada bide bat laguntzeko musika eta dantza eta gure auzoan jadanik dagoen komunitate-artea. 

Shua Groupen proiektuak performance proiektuak dira. Faktorian egiten ari gara tokiari lotutako pieza bat. Performance honetan aintzat hartzen ari gara euskara, bulegoetan egiten duzuena, hemen dauden landareak, hemengo arkitektura bitxia…

"Prestatzen ari garen performancean aintzat hartzen ari gara euskara, bulegoetan egiten duzuen lana, landareak, arkitektura..."

Gure performanceak islatzen du hemen gertatzen dena eta hausnarketa sortu nahi du. Ondorioz, Shua Groupeko performance guztiak espezifikoak eta ezberdinak dira eta komunitatearekin lan egiten dugu. 

Adibidez, pieza honetan lanean ari gara tokiko komunitateko lau kiderekin, beste batzuetan izan daiteke komunitateko hamabost kiderekin performance jendetsua osatzea bi egunetan.

Ezberdina da Shua Groupek toki bati lotuta sortzen duen proiektu bakoitza. Komunitatearen, eraikinaren eta inguruaren araberako da, baina saiatzen gara harreman eta aukera berriak sortzen jendearentzat eta tokiarentzat. 

Baina zuen proiektu batzuetan kalean jasotako elementuak ere baliatu dituzue, ezta?

Laura Quatrocchi: Bai, zaborra. Izan ere, ideiaren zati bat da ingurunea bera. Proiektu batzuetan jasotzen ditugu, adibidez, plastikozko botilak, eta saiatzen gara ikusleak inplikatzen gai horiekin jolasteko. Edonola ere, oinarrizko ideia bat da esploratzea inguruak eta ulertzea materialen bidez zer gertatzen ari den espazio horren testuinguruan, zeintzuk diren ohiturak.

Detroitera mugitu ginenean eta arte zentroa ireki genuenean, inguruan bizi zen jendearekin konektatzeko modu bat izan zen hondakinak biltzea. Ikusten ninduten zaborra garbitzen edota latak jasotzen eta hitz egiten zidaten. Jakin-mina zuten eta horrek ireki zidan atea komunitatearekin harremanetan jartzeko, kanpoko aldean esploratzen, alegia. Horrek nabardura gehiago ematen dizkizu jendeari eta espazioari berari buruz.

Askotan esaten dute barruan lan egin behar duzula beti, baina ez bazoaz kanpora eta ez bazara harremanetan jartzen, horrekin sortzen duzunak ez du zerikusirik izango kanpoan gertatzen denarekin, bizitzarekin. 

"Komunitate zentro arrakastatsua da gurea kanpoan lan egiten dugulako eta saiatzen garelako auzokideekin konektatzen"

Gure arrakastaren gako bat Detroiten da sorkuntza proiektu gehiago daudela inguruan, baina ez da erraza komunitate zentro bat arrakastatsua izatea. Egin dezakezu uharte bikaina zuretzat, baina zaila da beste lagun batzuen parte hartzea sustatzea. Guk kanpoan lan egiten dugu eta saiatzen gara gure auzokideekin konektatzen. Horrela bilakatu da proiektua arrakastatsua.

Sorkuntza prozesuan asko ibili zarete Faktoriako bulegoen inguruetan, oholtzan aritu ordez. Zergatik?

J.B: Arrazoi sinple bat dago. Goian zoruan etzan zaitezke. Zoru atsegina da goikoa eta dantza prestatzen dugunean gure gorputz osoa dago bertan. Hortaz, hori garrantzitsua da. 

Hala ere, Faktorian energia ugari dago. Egunero goizez hamabost edo hogei lagun zaudete lanean kontzentratuta eta guk sentitzen dugu hor egon behar dugula, energia dagoen tokian. Agian ez da erosoena, baina begira ari gara. Ez gara zelatatzen ari, baina saiatzen ari gara ulertzen, eta jendea ez badugu ikusten, ezin dugu ulertu zer gertatzen ari den. Ikusten dugunean zuen arteko elkar ekintza, hasten gara irudi orokorra sumatzen. 

"Egunero hamabost edo hogei lagun ari zarete bulegoan lanean eta hor energia handia dago. Guk sentitzen dugu energia dagoen tokian egon behar garela"

Oholtzan egongo bagina, beste edozein lekutan egongo bagina bezala izango ginateke, leku hutsa baita. Jendearen artean gaudenean, oro har bulegoetan dagoena, ñabarduretara, energietara eta esentziara heltzen gara.

Performancean eszena azkar bat izango dugu bulegoetan. Behean ere egongo gara, baina goian ere gu ikusteko aukera egongo da.

Zuen lanean harreman fisikoa oso estua da. Paula eta Leire, dantzari profesionalak diren neurrian, ohituak daude, baina nola uste duzue sentitzen ari direla Alberto eta Peru?

L.Q: (Barreak) Galdetu ahal diegu eurei. Guk galdetzen diegu etengabe. Badakigu dantzarientzat ez dela txundigarria, ohituak baitaude. Zerbait egiten dugun bakoitzean berresten dugu dena ondo dagoela. Ziurtatu nahi dugu eroso daudela. Galdetzen dugu egoera naturala izan dadin, edo saiatzen gara.

J.B: Shua Groupentzat interesgarria da trebatuta ez dauden gorputzekin lan egitea, ezberdin erantzuten baitiote zuzendaritzari. Albertok kikara bat hartzen duenean ezberdin egiten du nirekin alderatuta, eta nire kasuan ezin dut aldatu. Horregatik positiboa da artistarentzat eta koreografoarentzat lan egitea trebetasun, adin eta gorputz anitzekin. Aberasgarria da antzezterako orduan.

Soinuarekin ere lan egin dugu eta hori ere erronka da dantzarientzat. Peruk eta biok eskatu diegu besteei ahotsa irekitzea soinua eragiteko. Saiatzen gara gure ustezko nortasunaren mugak apurtzen prozesuan. 

Zer espero dezake ikusleak igandera begira?

J.B: Asko lan egiten dugu publikoaren ikusminarekin. Izan ere, gure interesa da publikoak erabakiak hartzea. Saiatzen gara erasokorrak ez izaten, baina erabakiak hartzera eramaten ditugu.  

Adibidez, performancea ikusi nahi baduzu, eskailerak igo beharko dituzu. Gainerako zatia ikusteko, jaitsi beharko zara; eta, osotasuna sumatzeko, mugitu beharko da. 

"Saiatzen gara ikusleak erabakiak hartzera bultzatzen"

Ez da jokoa, soilik jendeari askatasuna ematea, mugitu dadin eta bere irudi propioa osatu dezan. Ziurrenik jende gehiena ez da joango eskailerak gora. Lekuaren detaile guztiak erakutsi nahi diegu gure bitartez.

Oso modu bizian, jo ta ke, ari zarete sortzen. Ez dakit Faktoriatik atera zareten.

L.Q: Bai, mugitu gara hemendik, arkitektura ulertzeko eta imajinatzeko lehen zer zen. Ibaiaren inguruetatik paseatu dugu eta Laudiora joan gara. Toki atsegina da, ume pilo ikusi ditugu plazan jolasten eta hori guretzat osasungarria da. Positiboki sentitu dugu.

Ez dugu Laudiotik kanpo esploratzeko tarte handirik izan, baina jende nagusi mordoa ikusi dugu paseatzen hemendik, eta hori ere osasun adierazlea iruditu zaigu, seguru sentitzen dira eta paseoa zoragarria da, mendiak… Ez da leku txarra bizitzeko. 

Adin ezberdineko herritarrek ere espazioa partekatzen dute eta hori ere osasungarria da. 

J.B: Estatu Batuetan ez duzu ikusten adin nahasketa hori, ez da erraza. Oso atsegina da hori ikustea. Polita da beste kulturen xehetasunen lekuko izatea. Kanpora begiratzea eta jendea arropa eskegitzen ikustea, arroparen kolorea… Horrelako egonaldia opari bat da, beste mundu baten irudia hartzeko aukera.

Lehen esan duzue gu lan egiten dugun bitartean zuek ere egiten duzuela. Eta zuek guri begira ari zareten moduan, guk ere egiten dugu. Noizbait egon zarete horrelako egoera batean?

L.Q: Bai, noizbait egin dugu lan eraikin erraldoi batean, jende asko mugitzen, bulegoetatik sartzen eta ateratzen, guri begira, egiten duguna asmatzen saiatzen… Inoiz ez da arazoa izan. Horrela da. Ulertzen ari gara espazioa. Arrotza naiz, nolabait, baina begiratzeko nago eta hemen gertatzen dena ulertzen saiatzen ari naiz.

J.B: Uste dut konfiantza kontua dela. Konfiantza dugunez, ondo dago kanpotarra eta arrotza izatea. Energia anitzak sentitu eta egiten dugun lanean konfiantza izatea. Konfiantza bi norabidekoa da. Faktoriak guregan konfiantza jartzen du, ematen digu askatasuna espaziotik mugitzeko. 

"Faktoriak konfiantza ematen digunez, ondo dago kanpotarra eta arrotza izatea, energia ezberdinak sentitu eta egiten dugun lanean konfiantza izatea"

Horrez gain, ez dugu asko hitz egin Faktoriari buruz, baina guretzat oso interesgarria da proiektua ikustea.

Jende asko sartzen da, ateratzen da, janaria hartzen du, kafea hartzen du, harremana dago eraikinaren inguruan… Guretzat ez da ohikoa antolakuntza eredu hau. Horrek eramaten nau pentsatzera antzeko zerbait egin dezakegula Detroiten.

Kide gehiago izan, antolakuntza paraleloa prestatu... ideiak eman dizkit gizarte antolakuntzari buruz. Imajinatzen ari naiz, ez baitut ulertzen euskara, baina oso polita da entzutea. 
Entzuten ditut elkarrizketa luzeak euskaraz eta sentitzen dut lantzen ari zaretela mundu berezi bat, hizkuntzaren bitartez. Bitxia da sentitzea hizkuntzaren bitartez zuen harremana eraikitzen duzuela.

L.Q: Bai, zuen arteko lotura handiena da euskararekin duzuen maitasuna. Hori interesgarria da guretzat. Ez duzu topatzen, oro har.

J.B: Erabat. Amerikarra naizen neurrian, gure gizartean beti ari gara lehiatzen gure ego indibidualagatik eta hemen sentitzen dut zerbait eraikitzeko zuen egoa bertan behera uzten saiatzen zaretela. Ziur dramak dituzuela, baina iruditzen zait zuen egoa alde batera uzten saiatzen zaretela. Komunitatea, zerk funtzionatzen duen eta zer ez, zein den hemengo umorea, nola eragiten duen espazioaren arkitekturak… Hori da performancean islatzen saiatuko garena. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide