EH Bilduren, PSE-EEren eta Omniaren bozekin onartu dituzte tasa eta zerga berriak Laudion

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 25a, 13:30

Laudioko udal osoko bilkura./ Udala

Hiru taldeek hobariak adostu dituzte eta %2,3ko igoera tasa eta zergetan.

Laudioko udal gobernu taldeak oharra zabaldu du gaur jakinarazteko 08:00etan egindako ez ohiko udalbatzan onartu dituztela 2025eko tasak, prezio publikoak eta zergak. Horretarako akordioa lortu dute EH Bilduk, Omniak eta PSE-EEk. Zehazki, hiru alderdiek adostu dute %2,3ko igoera, hau da, Hego Euskal Herriko batez besteko KPIaren arabera eguneratzea.

PSE-EEk proposatuta, Hondakinak Kudeatzeko Ordenantzan ordainketa zatikatu pertsonalizatua egiteko aukera hiru hilabetera luzatu dute, betiere ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa 25 euro baino txikiagoa ez bada.

Loli Muriel zinegotzi sozialistak adierazi du: "gure apustua da fiskalitate justua eta progresiboa, non herritar bakoitzak lagundu behar duen bere gaitasun ekonomikoaren arabera, zerbitzu publikoak mantentzera, hau da, gehien duenak gehiago egin dezala, eta zailtasun gehien dituzten pertsonak babestea".

Omniaren ekarpena, aldiz, izan da Ondasu Higiezin Zergan industria- eta merkataritza-erabileretako gutxieneko katastro-balioak aldatzea. "Horrela, bizitegi-ondasun higiezinetan oro har aplikatzen dena baino tasa bereizi handiagoa aplikatzen da, industria-erabilerakoak 880.000 eurotik 500.000 eurora igarotzen baitira, eta merkataritzakoak 230.000 eurotik 310.000 eurora. Familia ugarien babes-eremua ere hobetu eta zabaldu da, kolektibo horrentzako hobaria aldatu baita, eta LGSaren 4.5 halako familia-errentarekin lotu", azaldu du Iñigo Martinez Ogasuneko zinegotziak.

Halaber, ordenantzak etxebizitzaren erabilera eta xedapena eragozten duen auzi judizial edo administratiboaren zain dagoen kasu bat jasotzen du.

EH Bilduren irizpideak

Iñigo Martinez zinegotziak aipatu du iazko propomesamenarekin jarraituz, 42.000 eurorainoko errentetarako hobarien taulak mantendu ditu. "Aurten, aurreko hobari-sistemarekin alderatuta, hobari subjektibo bidez onuradun izan diren zergadunen kopurua bikoiztu egingo da", aurreratu du zinegotziak. Hobari horietan alokairu publikoko programa baten barruan dauden etxebizitza hutsak ere sartzen dira (Alokabide), edo trantsizio ekosoziala eta, bereziki, energetikoa bizkortzea helburu dutenak.

Zaborren tasan %50eko igoera

Herritarrek gehien nabarituko duten igoera, dena den, zabor eta hondakinen bilketarena da. Izan ere, Europar Batasuneko araudia betetzeko -hau da, zergekin zerbitzu osoa ordaintzeko- tasa hori
%50 handituko dute.

"Laudion zaborra biltzeko zerbitzua emateko aurreikusitako kostua 1.918.681,19 eurokoa da, eta Europako araudia aplikatuz, oso-osorik finantzatu beharko da udal-tasen bidez. Igoera lineala izango da zerbitzuak biltzen dituen kategoria guztietan", zehaztu du Iñigo Martinezek.

Hileta zibilak

Azkenik, hileta zibilen araudia oraindik ez badute behin betiko onartu ere, udal osoko bilkuran hileta zibilen tasa berria ezarri dute, 70 eurotan. Datozen egunetan, eta behin ordenantza indarrean
sartuta, Udalak herritarrak informatuko ditu.

EAJrekin talka

Oposizioko talde nagusiak desadostasuna adierazi zuen aste honetan tasa eta zergen igoerarekin, eta prentsa oharra zabaldu zuen horregatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide