Omniak aldarrikatu du Laudioko udal ordenantza fiskalak hobetu dituela bere ekarpenekin

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 29a, 06:00

Omniako udal ordezkariak, artxiboko irudi batean. / Aiaraldea.eus

Esaterako, talde independenteak azpimarratu du etxebizitza hutsen kasuan aldaketak proposatu dituela jabe handiak sakatzeko.

Omnia alderdiak oharra plazaratu du ordenantza fiskalekin egindako lana aldarrikatzeko. Izan ere, ez-ohiko udalbatza egin zuten ostiralean horretarako eta EH Bildu, PSE-EE eta Omniaren bozekin egin zuten aurrera.

Independenteek adierazi dute ez dela erraza izan akordioa erdiestea eta hainbat astetan landu dutela negoziazioa EH Bildurekin. Hala ere, Omnia harro agertu da emaitzekin. Eskaini duten lehen adibidea izan da etxebizitza hutsei ezarritako Ondare Higiezinen Zergako %50eko errekarga. Izan ere, Omniaren aburuz, "helburua da edukitzaile handiek beren etxebizitza hutsak alokairuan jartzea eta, horrela, eskaintza handitzea, eta ez bigarren etxebizitza bat duten bizilagunek haren karga handitzea. Horren adibide dira erretiratutako pertsonak, denboraren zati bat beste udalerri batzuetan ematen dutenak (kasu askotan dagoeneko herri horietan erroldatu dira), baina aldi baterako Laudiora etortzen direnak senideak ikustera edo denboraldi jakin batzuk igarotzera. (...) Omniak zerga hori kentzeko irizpide bat planteatzen du jabetzako lehen etxebizitzarako, eta, beraz, antzeman ditugun arazo gehienak arinduta geratuko lirateke".

Zerga horretan ere bestelako zuzenketak plazaratu dituzte. Adibidez, jarduera ekonomiko bat jasotzen duen etxebizitzetan errekarga ez aplikatzea.

Horrez gain, alegazio aldian zuzenduko dute OHZren tasaren hobaria lehen hiru urteetan, babes ofizialeko etxebizitzen kasuan. Familia ugarientzako hobarian, amaitu gabeko esaldi bat dago, kategoria bereziko familia horiei % 75eko hobaria ematen diena.

Halaber, karga horri dagokionez, saltokientzako balioak aldatzea eskatu dute, 240.000 eurotik 310.000 eurora pasatzeko katastro-balioa, saltoki txikiek kalterik jasan ez dezaten.

Hurrengo urterako helburua

Bide batez, tasen igoeren gaineko adostasuna azalduta, Omniak berretsi du bere asmoa dela %90eko hobaria lortzea etxegabetze-prozesuan dauden etxebizitzentzat. "Jendeak alokatzea nahi badugu eta Laudiotik ezin badugu alokairuen legea aldatu, gutxienez keinu bat izan behar dugu alokatu baina prozesu judizial batean sartuta daudenekin. Gobernu-taldeak puntu hori sartu du, baina etxebizitza hutsen kargaren salbuespen gisa. Datorren urtean ere gauza bera egingo dugu", aurreratu du alderdi independenteak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide