Aretako Guraso Elkartea buru-belarri ari da lanean dokumentala egiteko. Izan ere, Aretako Herri Eskolak 100 urte bete ditu eta efemeridea ganoraz ospatu nahi dute. Abiatu dituzten ekimenen artean badago dokumentala egiteko asmoa eta horretarako herritarren laguntza eskatu dute.
Hain zuzen, hitzordua antolatu dute azaroaren 12an, 17:00etan, Aretako Kultura Etxean. Deialdiaren helburua da 1940 eta 1955 urteen artean jaiotako hezkuntza zentroko ikasle ohiak erakartzea, euren lekukotzak izateko eta egingo duten dokumentalaren oinarrietako bat izateko.
"Zure bizipenak, bitxikeriak eta garai horretako datuak beharrezkoak ditugu osatu nahi dugun dokumentalerako. Momentu atsegina pasatuko dugu, tartean kafesnea hartzeko aukera ere izango dugu. Animatu zaitez, behar zaitugu!", adierazi dute egitasmoaren antolatzaileek sare sozialetan.
Berez, urriaren 2an abiatu zuten publikoki mendeurrena antolatzeko iniziatiba eta azaroaren 12ko bilerarekin urrats bat gehiago egin nahi dute.