Areta Herri Eskolak mende bateko ibilbidea beteko du hurrengo urtean eta tokiko hezkuntza komunitatea hasi da mugitzen efemeridea dagokion moduan ospatzeko.
Gauzak horrela, urriaren 2an bilera egingo dute Aretako Kultura Etxean ospakizunaren nondik norakoak erabakitzen hasteko. "Guztion artean egitarau ederra osatuko dugu. Aretarrok, jarrai dezagun historia egiten!", adierazi dute antolatzaileek.
Berez, ikastetxeko historian parte hartu duten guztien ekarpena jaso nahi dute: "Lan taldean aritzeko eta borrokarako prest gaude beti, batez ere gure eskolarekin zer ikusia badu. Guztiok beharrezkoak gara gure herriarekin zerikusia duten erabakiak hartzeko orduan, eta are gehiago horrelako ekitaldi garrantzitsu baten aurrean."
Borroka historia
Bilera deitu duten hezkuntza komunitateko kideek aldarrikatu dute Aretako eta bere eskolako borrokarako grina: "100 urte hauetan, Aretako hezkuntza komunitate osoaren ahaleginari, lanari eta borrokari esker Aretako eskolak zutik jarraitzen du, firme, belaunaldiz belaunaldi koloretsu eta indartsu loratzen. Eskola berezia dugu leku berezi batean. Areta eskolako familia langileek eta borrokalariek historia egin dute eta haiei esker, belaunaldi berriko familiek itxaropentsu, gogotsu eta ilusioz eutsi diogu lekukoari. Jarrai dezagun nahi dugun Aretako eskola guztion artean eraikitzen. Eskola publikoa, euskalduna, kalitatezkoa, hurbila, guztiona eta guztiontzat dena."
Azken urteko mobilizazioak eta aldaketak
Bilera deitu duten kideek eurek erreferentzia egin diote azken urteetako borrokari: "Azken urte hauek borrokaz eta aldarrikapen ugariz beteta egon dira eta honek Areta herria are gehiago batu egin du. Bereziak gara, bereziak eta bakarrak. Lan taldean aritzeko eta borrokarako prest gaude beti, batez ere gure eskolarekin zer ikusia badu."
Izan ere, 2023an eskualdeko hezkuntza komunitateak babestu zuen Areta Herri Eskola, 2 urteko gela ixteko asmoa iragarri zuenean Eusko Jaurlaritzak.
Aipatzekoa da, aldi berea, ikastetxeko komunitateak erabaki zuela zentroaren izena aldatzea eta iaz egin zela ofizial. Orain Areta Herri Eskola da bere izendapena.