ANALISIA

Laudio 1983, Valentzia 2024, alderaketarik dago?

Aitor Aspuru Saez 2024ko aza. 6a, 16:59

Laudion eta Aiaraldean auzolana funtsezkoa izan zen 1983ko uholdeetatik berreskuratzeko.

Iaz gogoratu zen Laudion eta Bilbon 1983ko uholdeen 40. urteurrena, zarata handirik gabe egia esanda. Valentzian pasa den astean gertatutakoak jende ugariren oroitzapenak piztu ditu.

Valentziako euriteek eragindako uholdeek txikizioa, heriotza eta harridura sortu dute, ez soilik biktimen artean eta iritzi publikoan, baita Laudioko uholdeak bizi izan zituztenen artean ere. Izan ere, 41 urte pasa dira euriteek sei hildako eta suntsipen ikaragarria sortu zutenetik, eta askori lokatzaz beteriko Laudio hura etorri zaie burura.

Baina, ba al dago alderaketarik bi gertakarien artean? Zenbaki hotzek esaten dute baietz eta ezetz. Izan ere, euriak Laudion 450 litro metro karratuko utzi zituen egun batean, eta tarte berean Valentzian, aldiz, 630,6 litro metro karratuko. Kasu bietan euri kopurua astakeria izan zen.

Euriak Laudion 450 litro metro karratuko utzi zituen egun batean, eta tarte berean Valentzian, aldiz, 630,6 litro metro karratuko. Kasu bietan euri kopurua astakeria izan zen.

Dena den, hildakoak dira dramaren adierazlerik esanguratsuena eta Valentzian 200 herritar baino gehiago zendu dira, Laudion sei izan ziren bitartean. Horrez gain, argitzeke dago Mediterraneoaren alboan desagertutako lagunen behin betiko datua.

Gertakarietara bagoaz, Laudion bi erreka izan ziren arazo gehienen iturri, gerora Nerbioian eta herrigunean islatu zena. Hain zuzen, San Joan errekak etxe bat eraman zuen aurretik eta barruan zegoen pertsona. Aldaiko errekak ere Guardia Zibilaren patrol bat irentsi zuen eta barruan zeuden lau lagun ito ziren. Bilbon euriteek handitutako Ibaizabalak eta itsasgorak eragin zuten hondamendia.

Valentzian ordea, ibaien gainditzea askoz orokorragoa izan da, trokak txikitu ditu eta baita herriak ere. Aiaraldean uholdeen kaltea ez zen eskualde osora iritsi, baina Valentzian Valentzia hiriburutik hegoaldera hainbat herri suntsitu dituzte euriteek, eragin eremu askoz zabalagoan. 77.000 etxebizitzek baino gehiagok kalteak izan dituzte, antza.

Auzolana edo talka politikoa

1983ko egoera politikoa ez zen xamurra Euskal Herrian, ezta Laudion ere. Gatazka armatuko urte latzenak ziren horiek eta indar politikoen arteko tentsioa ez zen txikia. Askok uste zuten ezinezkoa zela EAJ, HB edota gainerako alderdi politikoak helburu berarekin lan egiten ikustea. Uholdeek ez zituzten ezberdintasunak ezabatu, baina gutxienez murriztu zituzten guztiek aldi eta norabide berean lan egiteko; Juan Jose Ibarretxe zen alkate legealdi horretan eta hainbat erakunderen laguntza jaso zen (Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Espainiar Gobernua...), baina interesgarriena herritarren aldetik etorri zen.

Bizilagunek kuadrillak sortu zituzten eta auzoka eta eremuka banatu ziren lokatza kentzeko eta euren udalerria txukuntzeko. "Herriak soilik salba dezake herria" leloa praktikara eramanda, umore onez eta gogo handiz, laudioarrak zein kanpotik etorritakoak  aritu ziren inor itxaron gabe (batzuek gogoratzen dituzte Nafarroatik ere heldu zela jendea traktoreekin, edota UAGA sindikatuko boluntarioak). Nolabait, erakundeen eta alderdien inspirazioa izan ziren herritar xume horiek guztiak. 

Valentzian egoera ez da ezberdina arlo horretan. Euren bizitza arriskuan ikusi ondoren eta lagunak edo senideak galdu ostean, milaka valentziar atera dira tresnak eskuan kaleak garbitzera. Aiaraldeko hainbat herritar ere jarrera eredugarria erakusten ari dira eta Valentziara jaisten ari dira bilketak banatzera, makinekin laguntzera edo produktuak ematera.

Baina Espainiako Estatuan dagoen giro politikoa inoiz baino polarizatua dago eta bistakoa da, egungo iragarpen tresna teknologiko guztiak egonda ere, larrialdiaren kudeaketa ez dela egokia izan eta ez dela ona izaten ari orain ere, inondik inora.

Esaterako, Laudioko euriteak gertatu zirenean, jende ugari zegoen kalean. Abuztuaren 26 zen, Odoloste Egunaren bezpera. Edonola ere, duela 41 urte ez zegoen iragarpen sistema horren sofistikaturik ezta komunikazio bide telefoniko edo telematikorik. Ondorioz, ez da harritzekoa Laudion lagun multzoak isolatuta geratzea han hemenka euriaren erdian.

Valentzian, aldiz, aukera egon zen alarma zabaltzeko aurretiaz, baina ez zen egin. Horrek guztiak hauspatu du herritarren amorrua, Pedro Sanchezen eta Erregeen aurrean piztu zena igandean. Zilegitasun osoa duen haserre hori, tamalez, eskuin muturrak lainotu du. Askok zabaldu dute protesta horren atzean eskuin muturreko taldeak egon direla. Egia da egun hauetan Alvise Perez eurodiputatua edota Desokupa bezalako elementuak agertu direla Valentzian. Dena den, gogoratu beharra dago, halaber, Vox eta PP alderdiek erabaki zutela Generalitatean Larrialdietarako Unitate Valentziarra kentzea. Unitate horren aurrekontua 9 milioi eurokoa zen, baina aldaketa klimatikoa zenez bere ardatzetako bat, ezabatu zuten, zezenketetan urtero 40 milioi euro gastatzen dituzten bitartean.

Laudioko Udalak arazo ekonomikoak izan zituen hainbat urtez uholdeen ondorioz, nahiz eta Arabako Foru Aldundiak 90 milioi euroko plan berezia onartu zuen.

Borroka politikoa

Lehen aipatu bezala, udalerri arabarrean auzolan giroak gainditu zuen talka politikorako tentazioa. Hala ere, Armada Espainiarrak parte hartu zuenez garbiketa lanetan, estatu kolpea emateko zorian egon zen erakunde hori zuritzeko baliatu zuten abagunea hedabideek.

Gauza bera esan daiteke Guardia Zibilari buruz. "Berunezko urte" horietan, ETAk inoizko eraso kopuru handiena gauzatu zuen institutu armatuaren kontra eta komunikabideek goraipatu zuten guardia zibilen jarrera, nahiz eta tortura salaketak oso ugariak izan euren kontra.

Gainera, herritar batzuek azpimarratu zuten moduan, Laudion hildako sei lagunen artean, hiru guardia zibilak izan ziren. Eurekin eskualdeko neska bat ere zendu zen. Guardia Zibil talde hori tematu zen Aldaiko Erreka zeharkatzen, nahiz eta herritarrek linternekin adierazi zegoen arriskua. Azkenean, urak eraman zituen eta guztiak hil ziren, baita erreskatatu behar zuten emakume gaztea.

Biziraun zuen guardia zibilaren bizitza, gainera, HBko kuadrilla batek salbatu zuen, Aldaiko errekako alboko etxebizitza batean baitzegoen. Ironikoagoa izan zen guardia zibila uretatik atera zuen gizonezkoak, Rafa Isasik, urte batzuk beranduago salatu zituela Guardia Zibilak torturatu zuela, ETArekin harremana izatea leporatuta atxilotu baitzuten.

Etorkizun latza

Uholdeen lokatza desagertzen denean, etorkizuna hipotekatzen duen errealitatea azaleratzen da. Laudioko Udalak arazo ekonomikoak izan zituen hainbat urtez uholdeen ondorioz, nahiz eta Arabako Foru Aldundiak 90 milioi euroko plan berezia onartu zuen. Dena den, aipatzekoa da ere katastrofea larriagoa izan ahal zela. Villosa eskualdeko enpresa motorean labeak itzaltzeko arriskuan egon ziren, baina Gasteiztik ekarritako erregaiarekin ekidin zuten.

Bestalde, Nerbioi ibaiko zein San Juan eta Aldaiko erreketako ibilguak konpontzeko ahaleginak ez dira bukatu. Egun URA Agentzia lanean ari da horretarako eta bidean ez dira polemika gutxi geratu. Oroitu beharra dago 2010. urtean puri-purian egon zela plan bat zeinak zenbait eraikin eraitsi nahi zituen, uholde arriskuen ondorioz. Berlojatzen plataformaren sorrera ekarri zuen horrek, besteak beste.

Hori guztia ikusita, Valentziako tragedia hedabidetan desagertzen denean, oraindik bide luzea izango dute herritarrek normaltasuna berreskuratzeko, baldin eta noizbait itzultzen bada.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide