Elkartasun jarioa ez da apaldu Aiaraldean. Herritarrek jarraitzen dute Valentziako egoerara begira. Aiaran, Laudion, Amurrion edota Urduñan piztu dira ekimenak eta su hori ez da itzali. Esaterako, Aida Fuentes Izak iragarri du panquemao errezeta baliatzen ari dela brioche valentziar mota hori saltzeko eta biltzen duen dirua World Central Kitchen gobernuz kanpoko erakundeari bidaltzeko.
Erretza valentziar hori hautatu du hango okinek erraztuko diotelako: "Espainiako estatuko okinen Whastapp taldetan nabil eta hondamendia hasi zenean eurek informatu ziguten eta azaldu ziguten laguntza behar zela. Katalunian edota Madrilen ogia egin eta bidali zuten. Niri bururatu zait panquemao errezetarekin dirua biltzea".
Iza okindegiko jabeak argitu du izen hori duela briocheak azukrea duelako kanpoan eta labean sartzean erretzen delako. 5 euroren truke salduko ditu bihartik aurrera eta, printzipioz, hurrengo astera arte mantenduko du ekimena.
"Gure ohiko jarduera mantendu behar dugu eta ogiak egin. Jende askok erreserbatu ditu panquemaoak. Hortaz, ahal dudan neurrian joango naiz egiten. Horregatik iraungo du egitasmoak hurrengo astera arte", argitu du Fuentes Izak.
World Central Kitchen gobernuz kanpoko erakundeak jasoko du eskuratutako dirua. "Lehenengo egunetik ari dira hor lanean eta konfiantzazkoa dela uste dut. Gainera, nolabait, ogiarekin zerikusia dauka", azaldu du okinak.
Amurrion bi banaketa puntu egongo dira eta Laudion bat, ostiralera arte
Muay Thai saioa
Aipatu beharreko beste ekimen bat da Ibai Ruizek deitu duen Muay Thai master class saioa. Larunbatean egingo du 10:00etatik 12:00ak arte Chok Dee gimnasioan. Prezioa boluntarioa da eta biltzen duen diru guztia Valentziara bidaliko du. "Kutxa bat jarriko dut eta bakoitzak eman dezala nahi duena", adierazi du kirolariak. Zehazki, amurrioarrak Valentziako gimnasio bati egingo dio ekarpena: "Urez eta zikinkeriaz beteta geratu dira gimnasio guztiak".
Espainiako Muay Thai WKA titulua eskuratzeko borrokatuko da Ruiz azaroaren 23an Madrilen, 67 kilo azpiko kategorian.
5.000 euroko dirulaguntza
Amurrioko Udalak iragarri du 5.000 euro bideratuko dituela Valentziara. Horrez gain, norbera babesteko ekipamenduak (NBE), ur-botak eta berreskuratze-lanetan laguntzeko tresnak ere bidali ditu Amurriotik atera diren boluntarioekin batera.
Herritarrek, euren aldetik, bi bilketa-gune prestatu dituzte udalerrian, kaltetutako eremuetan oso lagungarriak izango diren produktu eta materialak eskuratzeko.
Alde batetik, Refor kirol-instalazioetan ari dira dohaintzak jasotzen, Etorkizuna futbol klubaren bulegoan. Bihar 16:00etatik 21:00etara egongo dira bertan eta ostegunean 16:00etatik 19:00etara. Puntu horretan, higiene- eta garbiketa-produktuak, NBEak, maskarak, eskularruak, ur-botak eta berreskuratze-lanetarako baliagarriak izan daitezkeen beste hornidura batzuk jasoko dituzte. Ostiralean eramango dute bildutako guztia Valentziako Aldaya udalerrira.
Bestalde, Amurrio Eskaut Taldeak Etxegoien kaleko 15. zenbakian duen lokala egokitu du bilketa egiteko. Gaurtik, azaroak 5, ostirala, azaroak 8 arte egongo dira biltzen, 18:00etatik 20:00etara. Puntu horretan, higiene- eta garbiketa- produktu espezifikoak bilduko dira, hala nola konpresak, pixoihalak, kuboak, erratz gogorrak eta maskarak, baita tresnak eta oinarrizko beste gai batzuk ere, hala nola mailuak, eskorgak, palankak, metxeroak, kandelak, mantak, lo-zakuak eta arropa, besteak beste.
Laudion ere
Laudion ere egongo da ekarpenak egiteko aukera. Gaur 20:30ean amaitu da bilketa herriko zazpi establezimendu publikotan (Gatxeto Estanko, eta Pagolar, Kalua, Zuberoa, Latiorro, Jose eta Kintres tabernetan), Laudioko Gaztetxearen eskutik. Bertako kideek janari eta materialak bilduko dituzte asteazken eta ostiralean, 18:00etatik 20:00etara Lamuza plazan.
Ekimen horren sustatzaileen iritziz "gizarte kapitalistak eragiten dituen ondorio larriak" argi ikusi dira azken egunetan, hondamendiak "ertz sozial eta politikoak" dituela nabarmenduta. Horri lotuta, aldarrikatu dute langileria izan dela gehien sufritu duena, eta "langileria antolatua" dela "konponbidea argitu dezakeena". Horrekin batera, "aukera aprobetxatzen ari diren talde faxistak" ere salatu dituzte.