Duela hamar urte izan zenuten istripua. Nola gogoratzen duzun orain?
Lasai gindoazen errepidean, nire anaiaren sukaldea egiteko geratu ginen eta itzultzean hizketan ari ginen eta furgoneta biraka hasi zen autopistan.
Autoak ikusten genituen aurrez etortzen eta sekulako beldurra sentitzen nuen, baina pentsatu nuen: "Badago hor errepideko hesi bikoitza, horrek geldituko gaitu". Jo genuen muturrarekin eta furgonetaren ipurdia aurreratzen hasi zen. Guztiz aurreratu zenean, amildu ginen.
Segurtasun uhala jarrita nuela ziurtatu eta aurrera begiratu nuen. Zentral hidroelektrikoa ikusi nuen eta burdinak gorantz altxatzen. Iruditu zitzaidan burdin horiek hilko nindutela. Hori izan zen pentsatu nuen guztia, ea ez zuen min handirik egiten.
"Zentral hidroelektrikoko burdinek hilko nindutela iruditu zitzaidan eta pentsatu duen: 'Ea ez duen min handirik egiten'"
Burua estali nuen eta niretzat orduak igaro ziren lurraren kontra jo arte. Bidean trenbidearen katenariaren aurka jo genuen eta orduan biraka hasi ginen. Trenbidearen hesia bota genuen eta ez dakit zenbat buelta egin genituen.
Azkenean poste txiki batek gelditu gintuen. Ertzaintzak atestatuan jaso zuen beste buelta bat gehiago emanez gero, zentral hidroelektrikoaren putzura eroriko ginela eta han ito. Zazpi metroko sakonera zuen eta urez beteta zegoen. Atestatuaren arabera, bederatzi metroko erorketa izan zen eta hamabi metro egin genuen aurrera.
Equipo A telesaioan ikusiz gero, inori ez litzaioke sinisgarria irudituko, baina ez genuen minik hartu.
Eta orduan zer?
Txarli hasi zitzaidan galdetzen ea ondo nengoen. Hankak, besoak eta lepoa mugitu nituen eta tarte horretan Txarli urduri jarri zen eta behin eta berriro itaun zidan ea ondo nengoen. Baietz uste nuela esan nion.
Kanpotik neska batek galdetu zigun ea ondo geunden. Korrika ari zen bidegorritik eta ibilgailua hegan egiten ikusi zuenean arinago egin zuen, gainean ez erortzeko.
"Ertzain batek negar egin zuen onik geundela ikustean. Uste zuen bi gorpu topatuko zituela"
Lotuta ez zegoen edozein gauzak Deba ibaian bukatu zuen: arropa, autoaren bateria, lan tresnak...
Ertzain batek negar egin zuen gu ikustean. Jaitsi zenean uste zuen hildakoekin bete beharko zuen lehenengo atestatua egitear zegoela eta lehenengo aldiz gorpuak ikustea espero zuen. Onik eta bizirik ikusi gintuenean, pare bat malko atera zitzaizkion.
Anbulantziakoak ere etorri ziren desfibriladorearekin eta abar eta galdetu zidaten ea non zeuden istripukoak. "Ni naiz bat" erantzun nien. Harridura aurpegia jarri zuten ikustean ondo geundela.
Txarli telefonoaren bila joan zenean moztu zen, baina, egia esanda, hilik egon behar ginen.
Txarliren eserlekua tolestu zen atzerantz eta bere burua egon behar zen tokian metalezko zati bat agertu zen. Dena kasualitate hutsa izan zen. Ez dakit nola ez ginen hil.
Nire emazteak esaten du ez zela gure garaia. Ni guraso izan naiz eta Txarlik ez dakit zer egin behar zuen oraindik.
Askotan pentsatu duzu istripuan?
Milaka aldiz. Lehenengo lau urteetan joaten ginen Elgoibarrera bazkaltzera edo afaltzera urtebetetzea izango balitz bezala, azaroaren 7an. Txarli eta biok. Mozkortzen ginen gure urtebetetzea ospatzeko.
Istripuak aldatu zizun bizitzari buruz zenuen ikuspegia?
Ez horrenbeste, egia esanda. Lagun batzuekin nituen liskarrak eta haserreak konpondu ziren. Besarkatu ginen eta adiskidetasuna berriro hartu genuen. Gidatzeko orduan motelago noa, baina ez dut uste bakarrik horregatik denik. Guraso ere banaiz. Guraso izateak aldatu dit gehiago.
Gurasotasunak eman dizu beste ikuspegi bat, orduan?
Bai, hil izan bagina, ez nintzen horren zoriontsu izango alaba edukita. Txarlik bazituen bi seme-alaba. Alegia, bere alaba jaio zenean jaia hartu nuen ni ere, guraso izan banintz bezala. Biak geunden lanean bakarrik. Bera ez zihoan lanera, ezta nik ere.
"Istripuak Txarli eta bion harremana aldatu zuen. Anaiak bilakatu ginen eta azaroaren 7 urtebetzea izango balitz bezala ospatzen genuen"
Txarli eta bion arteko harremana ere aldatu zen istripuarekin. Lehenik ere bazen nire nagusia eta laguna, baina istripuaren ondoren, anaia bihurtu ginen. Elkarrekin joaten ginen eta ia lanik ez zuenean ere iraun nuen, gehienbat, ia anaiak ginelako.
Egun horretara arte bere ideia zen Donostiara joatea sukaldea jartzera, baina gero itzultzea egunero Laudiora semea zaintzeko. Nik esaten nion etxean bagenuela non lo egin eta hobe zela asteburuan itzultzea. Bera tematuta zegoen, umea zaindu nahi zuelako, eta nik errepikatzen nion bidaia luzea eta ez oso ziurra zela.
Azkenean, istripuaren ostean Donostian geratu ginen lan egunetan eta Danborradak harrapatu gintuen. Gurekin atera zen Txarli danborra jotzera.
Tamalez, urte hau berezia da, Txarli hil delako.
Bai, ekainean. Egunero gogoratzen naiz berataz. Gure etxean ospatu dugu eta Txarliren omenez brindisa egingo dugu. Egia da alaba jaio zenetik ez genuela asko ospatzen. Txantxikun hanburgesa jan eta etxera. Izan ere, istripua izan genuen egunean nire gurasoek jaso gintuzten Elgoibarren, Txantxikun afaldu genuen eta loteria erosi zuten gurasoek.
Roberto Carlos Muñoz Martin, "Txarli"
2024ko ekainean hil zen eta bere lagunek gizon umoretsu gisa oroitzen dute. Jende askorentzat aurpegi ezaguna zen, bere semearekin eta txakurrarekin ikustea oso erraza zelako Laudioko Zubiko Malekoian. Lagun oso ona eta guraso paregabe moduan gogoratzen dute bere ezagunek. Esti Molerok, esaterako, honako hau adierazi du: "Oroitzapen oso onak gordetzen ditut etorkizunean barre egiteko. Beti zuen irribarre bat ahoan. Bereziki gogoko zuen parrilladak antolatzea bere lagunentzat eta mozorrotzea inauterietan, oso trebea baitzen". Molerok berak azaldu du bere anaiaren urtebetzea otsailaren 14an zenez, eta Txarlirena 20an, asmoa dutela jai eta omenaldia ospatzea, baldin eta bere familiak baimena ematen badu. "Uste dut biek gogoko luketela eurak gogoratzea eta omentzea jai on batekin. Izugarri botatzen dugu faltan".