Hardcore Hits Cancer elkarteak bost jaialdi antolatu ditu Laudion jadanik eta milaka euro bildu ditu AFANOC elkartearentzat. Katalunian lan egiten du gehienbat talde horrek eta minbizia duten adingabeen familiak laguntzen dituzte. Esaterako, Bartzelonara joan behar direnean tratamendua jasotzera, lo egiteko lekua bermatzen diete.
Hardcore Hits Cancer ekimenak, berez, baditu kideak Laudion. Hainbat elkartasun kontzertu antolatu dituzte orain arte, baina orain salmenta puntu finkoa jarri dute Peluka´s ileapaindegian. Zehazki, elkartearen kamiseta klasikoen neurri guztietako aleak egongo dira establezimendu horretan salgai.
Horrez gain, aipatu dute material berria sortu dutela. Hain zuzen, All Cancer Are Bastards lema duen izerditakoa plazaratu dute eta 35 euro balio du. Webgune bidez saltzen dute produktu berri hori.