Elikagai bilketa egingo du Altzarratek datorren ostiral eta larunbatean (azaroak 22 eta 23), Arabako Elikagaien Bankuarekin elkarlanean. Zehaztu dutenez, Valentziako uholdeengatik kaltetutako pertsonei emango diete biltzen dutenaren erdia. Beste erdia, aldiz, Laudion geratuko da, beharra duten bizilagunen artean banatzeko.
Laudioko Eroski merkatal gune handian egingo dute bilketa aipatutako bi egunetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 20:30etara.
Altzarrate berez futbol elkarte bat da, baina badu inplikazioa “bestelako gai sozialetan ere”. Hala azaldu du Irune Egigurenek. "Berdintasunaren aldeko martxa egiten dugu, iragan asteazkenean berdintasunaren aldeko partida egin genuen, igande honetan jardunaldi inklusibo bat egin dugu premia bereziak dituzten jokalariekin, Korrikan edo txosnagunean ere parte hartzen dugu klub moduan, 8 mila bihotzez ekimenean ere aritu ginen... gauza askotan hartzen dugu parte eta uste dugu beharrezkoa dela”, nabarmendu du kirol elkarteko kideak.
Bere hitzetan, horregatik jarri nahi dute “hondar alea” elikagai bilketaren afera sozialean ere.
Arabako Elikagai Bankuaren presentzia geroz era murritzagoa da eskualdean. Iaz Aiaraldeko 103 familiari banatzen zien erakunde horrek janaria. Horietako 95 ziren Amurriokoak eta zortzi Artziniegakoak. Baina urte honen hasieran utzi zioten Amurrioko familietara iristeari, Laguntza Elkartearen desagerpenaren ondorioz.