Eustatek 9.020 etxebizitza kontabilizatu zituen iaz Laudion. Horietatik 660 egongo lirateke hutsik, Laudioko Udalak eginiko behin-behineko zerrendaren arabera. Hau da, Laudioko etxeen %7,3an ez litzateke inor biziko. Ehuneko horrek aise gainditzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko eta Arabako batez bestekoak. Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren arabera, 2023an EAEko etxebizitzen %4 zegoen hutsik, eta Arabako %3,9.
Hala ere, kontuan hartu behar da Laudioko Udalak plazaratu duena behin-behineko zerrenda bat dela, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) etxe hutsei %50ko errekargua ezartzeko sortutakoa. Ohiko egoiliar gisa inor erregistratuta ez duten etxebizitzak sartu ditu tokiko erakundeak zerrenda horretan, baina kasuistika asko egon daitezke. Litekeena da etxe horietako asko “bigarren etxebizitzak” izatea; hau da, jabeek urteko denboraldi zehatz batean baino ez erabiltzea (urtean sei hilabete baino gutxiagoz). Horrez gain, gertatu daiteke baita ere etxebizitza batean egiatan norbait bizitzen egotea, bertan erroldatuta egon ez arren.
Eustatek 9.020 etxebizitza kontabilizatu zituen iaz Laudion. Horietatik 660 egongo lirateke hutsik, Laudioko Udalak eginiko behin behineko zerrendaren arabera
Modu batean edo bestean, urriaren 24ra arte ireki zuten zerrenda horri alegazioak aurkezteko epea. Gauzak hala, behin betiko zerrenda argitaratzen denean ikusi ahalko da modu argiagoan ea zenbateraino den ezohikoa herriko etxe huts kopurua.
Hautsak harrotu zituen Laudioko Udalak plazaratutako zerrenda hark. EAJk salatu zuen publikoki plazaratutako informazio horrek “jabeen pribatutasuna” urratzen zuela. Izan ere, zerrendak hainbat datu eskaintzen ditu: hutsik dagoen etxearen atariaren helbidea, katastroko erregistroko zenbakiaren zati bat eta baita jabeen NAN edota CIF zenbakien lau hizki. Horregatik, jeltzaleen aburuz, “jabetza pribatua estigmatizatzen” zuen EH Bilduren udal gobernu taldeak hartutako neurriak.
Etxe huts gehienak, erdigunean
Polemikak albo batera utzita, Udalak plazaratutako zerrendak aukera ematen du zenbait ondorio ateratzeko herriko etxebizitzen egoera orokorraren inguruan.
Kokapena da aztertu daitekeen faktoreetako bat, etxebizitzen atarien helbideei behatuta. Zerrendako jabetza gehienak (347) erdigunean kokatuta daude, eta inguruko zonaldeetan daude gainontzekoak: 82 Ugarten, 79 Latiorron, 73 Aretan, 37 Landaluzen, 28 Gardean eta 14 Arrañon.
Jabetzen pilaketa aztergai
Jabeetan ere jarri daiteke begirada. Norenak dira zerrendako 660 etxebizitza huts horiek?
Lehen begiratuan behintzat, ez dirudi jabetza-pilaketa handia dagoenik. Gutxienekoa dira zerrendan behin baino gehiagotan agertzen diren jabeak. Jabe gehienek (394) etxebizitza bat dute hutsik gehien jota. 103 jabe daude bi etxe huts dituztenak, 11 jabe daude hiru etxe hutsekin, hiru jabe lau etxe hutsekin eta bana zazpi eta zortzi etxe hutsekin.
Horrek ez du esan nahi jabe-handirik (10 etxe baino gehiago dituen norbanako edo enpresarik) ez dagoenik udalerrian. Udalak plazaratutako zerrendak etxe hutsak baino ez ditu kontabilizatzen. Jabe-handien azterketa xehe bat egiteko, informazio zehatzagoa beharko litzateke, udalerriko etxebizitza parke osoaren ingurukoa.
Dena den, aurreko datuei erreparatuz, bai ondorioztatu daiteke etxebizitza hutsak behintzat jabe askoren artean banatuta daudela, eta bankuek zein funts putreek ez dutela presentzia askorik, ez behintzat beste zonalde edo hiri espekulatiboago batzuetan izan dezaketena bezainbeste. Zerrendan agertzen diren jabeen identifikazio zenbakiek gutxitan egiten dute bat Espainiako Estatuan jarduten duten banku eta funts putre ezagunenen CIF nagusiekin.
Badaude batzuk, hala ere. Santander Bankuaren lau etxe huts agertzen dira zerrendan, eta baita Blackstone funts putrearen beste bi ere. Baliteke gehiago egotea, banku eta funtsek enpresa sare konplexuak izan ohi dituztelako atzetik, baina lehen kolpean behintzat ez dirudi oso presentzia zabala dutenik.
Jabe ugari etxe bakarrerako
Jabetzei erreparatuta, badago aintzat hartzeko moduko beste faktore bat. 660 etxe hutsetatik 196k dute jabe bat baino gehiago. Horietako 43k lau jabe edo gehiago dituzte, eta muturreko kasu batzuk zeintzuetan hamar jabe baino gehiago dauden.
Horrenbeste jabe egotea ohikoa izaten da etxea herentzia batean sartuta dagoenean, eta baliteke etxea horregatik egotea hutsik: jabeak ez direlako ados jartzen eta, ondorioz, ez dutelako merkatura ateratzen.
Laudioko etxe huts gehienak ez dirudi banku edo funts putreenak direnik, kasuak dauden arren
Aipatutako guztiak hipotesiak baino ez dira. Azterketa zehatzago bat egiteko datu gehiago beharko lirateke. Dena den, datu ofizial orokorragoei erreparatuz ere hainbat ondorio atera daitezke Laudioko egoeraren inguruan, alokairuari erreparatuta, adibidez. Udalerriko etxe guztien %11,9a baino ez dago errentan, EAEko (%14,5) zein Arabako (%15,4) batez bestekoen azpitik. Gainera, kontuan hartu behar da ehuneko horiek Europar Batasuneko bataz bestekotik (%30,1) nahiko urrun kokatzen direla oro har.
Eta beharra, egon badago. Laudioko 702 herritar daude Etxebiden erregistratuta, bizileku bat izateko zain. Hutsik dauden 660 etxebizitza horiek aise asetu ahalko lukete behar hori; eta horregatik ezarri die Laudioko Udalak %50ko errekargua Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, alokairuaren merkatuan sartzea ahalbidetzeko.
Momentuz Laudio eta Artziniegako udalerriak izan dira neurri hori hartu duten eskualdeko udalerri bakarrak, eta aurten egin dute gainera, legeak duela bederatzi urtetik ematen duen arren hori egiteko aukera. Artikulu honen hasieran aipatu bezala, kritikak piztu ditu neurriak, eta ikusteke dago zer puntutara arte izango den eraginkorra herrian dagoen beharrari erantzun bat emateko.