Haitzetan Gora Mendi Taldeak Laudioko II. Eskalada Txapelketa deitu du eta abenduaren 21ean izango da Latiorroko frontoian kokatuta dagoen rokodromoan. Guztira 75 kirolariren parte hartzea ahalbidetuko dute (betiere 15 urtetik gorakoak) eta izena emateko epea abenduaren 10an bukatuko da; ordura arte hemen egin daiteke.
Lehiaketa 15:30ean abiatuko dute. 25 pertsonako hiru taldetan banatuko dituzte eskalatzaileak, eta talde bakoitzak 45 minutu izango ditu hamabi sailkapen-blokeak igotzeko. Sailkapen-txandan puntuaziorik handiena duten bost mutilek eta bost neskek jokatuko dute finala.
Azken norgehiagoka 19:00etan hasiko da eta lau bloke izango ditu mutilentzat eta lau neskentzat. Azken proba horretan mutil bat eta neska bat aterako dira aldi berean eta dagokien blokea lau minututan gehienez eskalatu behar dute. Ondoren, zailtasun-modalitateari ekingo diote finalistekin: bide bat mutilentzat eta beste bat neskentzat. Gehienez bi saiakera izango dituzte. Bide bakoitzak hiru gune puntuagarri ditu, boulderrean pilatutakoari gehituko zaizkionak.
Sari gisa dominak eta eskaladarako materiala emango dizkiete irabazleei eta parte hartzaileen artean tokiko produktuen saskiak, otorduak eta landa etxe baten egonaldia zozkatuko dituzte. Gainera, Laudioko eskalatzailerik onenak ere jasoko du domina.
Iaz izan zen txapelketaren lehen edizioa eta oso arrakastatsua izan zen, partaidetza handiarekin ikusle zein kirolarien aldetik.