Abenduaren 11n irekiko ditu berriro ateak Ermualdeko taberna, Peru Hernando Goitiaren eskutik. Laudioarrak eskuratu du lizitazioa eta urtebeterako sinatu du, baina bederatzi urtez luzatu daiteke.
Udalak azaldu du Donostiako Basque Culinary Centerren lau urtez prestakuntza jaso zuela eta sukaldaritza munduko esparru ezberdinak menperatu eta ezagutu dituela Bilboko Michelin izarreko jatetxe batean, Bideko jatetxean, Cancungo Meliá hotel-gune handi batean eta Limako Central jatetxean. Hain zuzen, Aiaraldea Komunikabideak elkarrizketa egin zion gazteari azken toki horretan lanean ari zenean.
Gogoratu beharra dago ostalaritza establezimendua etxebizitza ere badela kudeatzailearentzat. Ordutegiari dagokionez, Ermualdeko Zura 09:00etatik 18:30era egongo da zabalik; astelehen, astearte eta asteazkenetan izan ezik. Nolanahi ere, ordutegia aldatu egingo da eskariaren eta urtaroaren arabera.