Egitarau zabala prestatu du Laudioko Kulturlab elkarteak hilabete honetarako. Abenduaren 15era arte Lamuza sorkuntza parkearen proposamenaren erakusketa bisitatu ahal izango da. Laudioko Udalak eta Aldundiak egindako Parkea berpizteko plan proposamenaren nondik norakoak ezagutu ahal izango dira bertan. Herritarrek proposamenak egiteko aukera izango dute Laudioko Udalaren webgunean.
Arte espazioetara irteerak ere antolatu ditu elkarteak, Sorkuntza haztegien zikloaren barruan. Asteazkenean BilboArte ekoizpen artistikorako zentroa bisitatu ahalko da, 16:15ean. Espazioa Bilboko Udalaren Kultura Sailari lotuta dago eta artisten profesionalizazio nabarmena eskaintzea du helburu. Larunbatean, aldiz, Azpeitiko Dinamoa espazioa bisitatzeko aukera egongo da, 9:30ean abiatuta. Sormen disziplina eta adierazpenari bide emateko laborategia da. Irteeretan parte hartzeko eta informazio gehiago izateko kulturzaleak@gmail.com postara idatzi.
Arkitekturarekin lotutako ekintzak ere izango dira hilabete honetan. Abenduak 18an Behark arkitektura estudioaren Adierazpen isilak erakusketa inauguratuko dute 19:00etan. Plataforma hau arkitektura isila garatzeko proiektua da. Abenduaren 19an erakusketaren bisita komentatua egingo dute Laudioko institutuko Arte Batxilergoko ikasleekin. Abenduaren 26an hitzaldia emango dute Beñat Saratxaga eta Gentzane Goikuria arkitektoek, biak ala biak Behark estudioaren sortzaileak. Erakusketa urtarrilaren 19ra arte bisitatu ahalko da.