Laudioko Udalak amiantoaren errolda berria egingo du, eraikin pribatuak ere aintzat hartuta

Aitor Aspuru Saez 2024ko abe. 26a, 12:30

Latiorro Ikastetxean ere kendu zuten amiantoa bere unean.

59.895 euroko lizitazioa egin du Laudioko Udalak amiantoaren errolda egiteko, bai udal eraikinetan zein pribatuetan.

Laudioko Udalak jakinarazi du 58.895 euroko lizitazioa egin duela enpresa batek aztertu dezan udalerriko zein eraikinetan dagoen amiantoa, baita noiz eta nola kendu ere.

Aipatu beharra dago jadanik udal eraikinei buruzko zerrenda egin zuela erakundeak, baina kasu honetan eraikin pribatuak ere kontuan hartuko dituzte. Hori bai, jabego pribatuen kasuan ikerketa oinarrizkoa izango da eta titulartasun publikoa dutenetan (bide publikoan dauden elementuenak ere), aldiz, xehetasunez egingo dute.

"Lan honek herrian fibrozementua edo amianto-edukia duen edozein material duten eraikuntza-elementuak identifikatzea eta ezabatzea ekarriko du, 2028a baino lehen. Gaur egun, 104 udal-kokaleku ditugu (eraikin eta bestelako ondasunen artean) aztertu beharrekoak", azaldu du Ainize Gastaka alkateak.

Hiru fase lana amaitzeko

Esku-hartzea sei hilabetez luzatuko da gehien jota, eta hiru fasetan egingo dute: aurretiazko errolda, oinarrizko errolda eta errolda xehatua. Bertan, egindako ikuskapenen ondorioak jasoko dituzte, baita amiantoa duten materialen arriskuaren balorazioa ere.

Izan ere, egindako ikuskapenetan lortutako emaitzetatik abiatuta (oinarrizkoa eta xehatua), plan bat idatziko dute amiantoa kentzeko egutegia zehazteko, lehentasuna emanda arrisku eta kalteberatasun handieneko instalazio edo kokalekuei.

Amiantoaren lehentasunezko erretiratzeei ekin ondoren, arrisku ertain-baxuko instalazio edo kokaleku publiko eta pribatuetan esku hartuko du planak.

Era berean, instalazio edo kokaleku pribatu bakoitzak bere ibilbide-orria izan beharko du, eta amianto arrisku txikia detektatutako lekuetan materiala kendu eta ordezkatuko da.

Errolda berriaren beharra

Zabaldutako oharrean aipatu ez duten arren, Granja Kiroldegian topatutako amiantoarekin argi geratu zen komenigarria zela material kutsakor horren errolda berria egitea. Izan ere, ASVIAMIE elkarteak salatu zuenez, 2013an Novotec enpresak 23.000 euro kobratu zituen ikerketa egiteko eta ez zuen aintzat hartu minbizia eragiten duen material hori zegoela kiroldegiko hainbat tokitan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide