Jon Karla Bilbao ez da fededuna, baina zainetan du sartuta jaiotzekiko zaletasuna. Txikitan garatu zuen Gabonei lotutako maketa horiekiko grina. “Nire aitak ilusio handiz jartzen zuen etxean, baina formatu txikian. Figura bakoitza mota batekoa zen. Jesus haurra Gulliver zirudien bere bidaietako batean, oso handia zelako”, oroitu du Laudioko bizilagunak, “nire aiton amonen Latiorroko baserriaren alboan bazeuden bizilagun batzuk sekulako Belena jartzen zutenak. Gabonetan uzten ziguten ikusten. Ikusgarria zen, ur-jauziak eta guzti zituen. Nik Gabonak noiz iritsiko zain ibiltzen nintzen bertara joan ahal izateko lehengusuekin”.
Bizitzak Iruña Okara eraman zuen Bilbao, eta bertan garatu zuen bere zaletasuna. Etxeko portxean muntatzen zuen eta lagunak etortzen ziren ikustera. Ondoren, Iruña Okako Udalari bota zion harria, eta herriko gizarte etxean erakustera pasa zen. “Gabonetako zuhaitzarekin batera pizten zen, eta Gasteizko jendea ere bertaratzen zen ikustera”. Munduko jaiotzen bilduma bat osatzeari ere ekin zion. “Ez da Artziniegakoaren mailara iristen. Erosten joan naizenak dira, 100 jaiotza baino gehiago ditut, hainbat herrialdeetakoak, Europakoak batez ere, baina baita Asia eta Hego Amerikakoak ere”.
Duela 11 urte bihotzekoa izan zuen Bilbaok, eta koman egon zen. Hor hasi zuen bere harremana ATECE Arabarekin. 2019an erronka bat egin zuen dirua biltzeko burmuinean hartutako gaitza duten pertsonen elkarte horrentzat, eta milaka euro eskuratu zituen. Bere hitzetan, jardun hori izan zen hartutako kolpetik berreskuratzeko sostenguetako bat; bestea, aldiz, jaiotzen eraikuntza izan zen. Horretan ere babestu zen urte gogor horietan.
📸 ARGAZKIAK | Jon Karla Bilbao ez da fededuna, baina zainetan du sartuta jaiotzekiko zaletasuna. Berak atondutako muntaia ikusgai dago Laudioko Extremadura Etxean.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) December 26, 2024
Ikusi argazki galeria hemen:https://t.co/hxpHo20BGj pic.twitter.com/LV1NIpldOv
Extremadura Etxean ikusgai
Iaz muntatu zuen jaiotza lehenbiziko aldiz Laudion, Extremadura Etxeko kudeatzaileak bere senideak direla baliatuta. Aurten Laudioko Udalari proposatu dio erakusketa toki publiko batean jartzea, baina ez du erantzunik jaso. Hori dela eta, iazko kokalekua errepikatzea erabaki du Bilbaok. “Astebete behar izan dut atontzeko. Kableak eta entxufeak jarri, gauzak soldatu, ur bonbak jarri.. asko erlaxatzen nau. Gehiago izorratzen dit kentzeak”, aitortu dio Aiaraldea Komunikabideari.
Jaiotza ikustera bertaratzen denak aukera izango du Laudiori eta, bereziki, Latiorro auzoari lotutako hainbat erreferentzia topatzeko figura eta maketen artean. Hala ere, Bilbaori gustatuko litzaioke “zerbait ikusgarriagoa” prestatzea, Laudiori lotutako bestelako erreferentziaren bat sartuta, “Ermualde, adibidez”. Baina hori datorren urterako erronka izango da. Orain, bisitarien harreraz gozatzea dagokio Laudioko bizilagunari. “Gustatzen zait haurrek jaiotza ikustean duten ilusioa, nik haurtzaroan bizitakoa ekartzen didalako gogora. Pelikula bat ikustea bezalako da, baina formatu txikian”.