"Ez zara fisioa, erasotzailea zara" lema baliatuta, kontzentrazioa egingo du Mugimendu Feministak Laudioko Herriko plazan 13:00etan.
Leloaren zein mobilizazioaren jatorria 'Euskal Herriko Salaketak' ekimenean dago. Izan ere, Instagram kontu horren bitartez hainbat eraso matxistaren berri eman dute modu anonimoan eta eskualdeari dagokionez, Laudion lan egiten duen fisioterapeuta baten kasuak agertu dira.
Salatzaileek azaldu dute modu ezegokian ukituak izan zirela fisioterapeutaren aldetik, tratamenduarekin harremanik ez zuten gorputz ataletan eta hori erasotzat jo dute zalantza izpirik gabe.
Ez da lehen aldia horrelako salaketak azaleratzen direla, 2019an Aiaraldea Komunikabideak antzeko lekukotza bat jaso baitzuen.
Gauzak horrela, Laudioko Mugimendu Feministak 'Ez Isildu' galdetegia zabaldu zuen testigantza gehiago biltzeko.
Laudiokoak ez dira 'Euskal Herriko Salaketak' ekimenaren bidez bildu dituzten Aiaraldeko eraso matxista bakarrak, Amurrio eta Urduñako kasuak ere jaso baitituzte.