'Euskal Herriko Salaketak' Instagram kontuaren bidez salatutako Laudioko fisioterapeutak “urte asko daramatza erasotzen bere oraingo kontsultan zein Laudion lehen zuen beste kontsulta batean ere”. Hala salatu du Laudioko Mugimendu Feministak gaur eguerdian Herriko plazan eginiko elkarretaratzean.
Nabarmendu dutenez, 15 salaketa jaso dituzte azken bi asteetan, eta “duela 15 urte baino gehiagoko erasoak” ere plazaratu dira. Gauzak hala, gaurko mobilizazioaren deitzaileek kalkulatzen dute “ehunka” izan daitezkeela kasuak, “inpunitate osoz eta inolako disimulurik gabe eragindakoak”.
Erasoetako batzuen nolakotasuna ere azaleratu dute elkarretaratzean zabaldutako irakurketa zabalean: “Ohatilan biluzik edukitzea lepoa tratatzeko, ohatilan etzanda zauden bitartean ezpain-ertzetan musuak ematea, besarkadak, tokiz kanpoko ukituak abisurik eta baimenik gabe, pedorretak tripan, ‘zein gustura nagoen hemen zurekin’ bezalako esaldiak, edo ondeste-ukituak egiteko etengabeko gonbidapenak, poliziak esatea ea ziur zauden salaketa jartzearen inguruan, ‘zure hitza izango delako berearen kontra’, edo, azkenean salaketa jartzen duzunean, bere abokatuak esatea ‘gustuko ez baduzu ez joateko fisiora’ eta jakin behar dela gauzak ezberdintzen norbaiti ezer leporatu aurretik”.
Horren aurrean, Mugimendu Feministako kideek “babesa” eskaini eta “eskerrak eman” nahi izan dizkiete modu anonimoan salatzen ari diren pertsona guztiei. “Sareak horretarako daudelako, eta behingoz bada ere, guk nahi dugun moduan erabiltzen ari gara, guk nahi eta behar dugun horretarako”.
Horri lotuta, baieztatu dute jakin izan dutela kasu batzuetan erasotutako emakumeek poliziarengana jo dutela salaketa jartzera, baina kritika egin diete horrelako kasuak soilik komisaldegian salatu daitezkeela esaten dutenei: “Denok zuen egunerokotasunean ahoa ACAB letrekin betetzen duzuen arren, gero ez dugu inolako erreparorik indarkeria jasan duten emakumeak poliziarengana bidaltzeko. Pentsatu horretan”.
Mugimendu Feministak baieztatu du jakin izan duela kasuetako batzuk polizian salatu direla, baina kritika egin die horrelako erasoak soilik komisaldegian salatu daitezkeela esaten dutenei.
Kasu gehiago
Mugimendu Feministako kideek nabarmendu dute askoz eraso gehiago daudela oraindik azaleratzeke, bai fisioterapeutaren auziari zein bestelako kasuei lotuta ere: “Askotan esan dugu, baina ez gara errepikatzeaz nekatuko: herriko espazio anitzetan jasaten ditugu erasoak egunerokotasunean, tabernetan, kirol klubetan, bilera pribatu zein instituzionaletan, eskoletan, etxean… eta kasu gehienetan, fisio honen kasuan bezala, herrian ezaguna izaten den kontua da, ‘secreto a voces’ deitzen dugun hori, baina ez ahaztu: Denok baldin badakigu, orduan ez da sekretu bat”.
Kasu konkretuak ere aipatu dituzte: “Herri honetako gizon askok baimenik gabe bidalitako emakume biluzien argazkiak zabaltzen diren taldeetan parte hartzen dute oraindik, izan WhatsApp, Instagram edo Telegrameko taldeetatik. Herri honetako gizonek lanean, kuadrillan edo kirol gunean komentario matxista, arrazista, lodifobo, homofobo edo transfoboak egiten dituzten beste gizon batzuk dituzte inguruan, baina liskarra sortzen duena ez izatearren, isildu egiten dira”.
Horren aurrean, egoera horiei kontra egiteko deia luzatu diete gizonei, eurek egiten ez badute erasotuek egiten jarraitu beharko dutela argudiatuta; eta deia zabaldu dute “gai horien inguruan egunerokotasunean hitz egiteko”.
Salatzeko gonbita
Gogorarazi dutenez, kasu gehiago salatzeko aukera dago 'Euskal Herriko Salaketak' Instagram kontuaren, Laudioko Mugimendu Feministaren sare sozialen edota Labur.eus/ezisildu galdetegi anonimoaren bidez. Horretarako gonbita luzatu diete “hitz egiteko prest” dauden pertsonei, “egoera honen dimentsioa azaleratzen laguntzeko helburuarekin”.