Ertzaintzako prentsa kabineteak jakinarazi dio Aiaraldea Komunikabideari ostiralean atxilotutako gizonezkoa ikertzen ari direla drogen salmentagatik.
Hain zuzen, ostiralean Laudioko Zumalakarregi etorbidean herritar bat atxilotu zuen poliziak agente bat erasotzeagatik. Dena den, gertakariaren ondoren, ertzainek azaldu dutenez, akusatua miatu zuten eta legez kanpoko substantziak topatu zizkioten. Hori dela eta, osasun publikoaren aurkako delituak ere leporatzea erabaki dute.
Berez, atxiloketa ostiralean gertatu zen, eta hasiera batean poliziak soilik zabaldu zuen arrastatuak agente bat erasotu zuela identifikazioa eskatu ziolako.
Edonola ere, ostiraletik ertzainen presentzia agerikoa da atxiloketa gertatu zen tokian eta auzokideen kezkei erantzuteko, Aiaraldea Komunikabidea berriro jarri da harremanetan poliziarekin. Akusazio berriaren informazioa aipatu du prentsa kabineteak eta erantsi du oraindik lanean ari direla.