Guardianen itxiera

Greba mugagabea abiatuko dute Guardianen, lantegiko labea itzali ez dadin

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko urt. 24a, 19:02

Guardianeko langileek 2023ko uztailean egin zuten mobilizazio baten irudia. / Aiaraldea.eus

Guardianeko enpresa batzordeak greba mugagabea abiatuko du otsailaren 2tik aurrera, multinazionalaren asmoen kontra, fabrikako labea behin betiko itzali ez dadin.

Greba mugagabea abiatuko dute Guardianeko langileek otsailaren 2tik aurrera. Modu horretan, multinazionalak lantegiko labea behin betiko itzaltzeko asmoen aurka egin nahi dute beharginek.

Izan ere, atzo bertan zabaldu zen Guardianek Laudioko lantegiari jarritako heriotza data. Zuzendaritzak otsailaren 3an ekin nahi dio fabrikako labea itzaltzeari, ordezkari sindikalei aurkeztu zien dokumentazioaren arabera.

Multinazionalak labearen barruan dagoen beira eta eztainua erretiratu gabe amatatu nahi du makineria, azpiegitura erabat erabilgaitz utziz, eta "bestelako alternatibarik baloratu gabe". 

Labea itzaltzearen aurka, grebara

Hain zuzen ere, labea itzaltzea da enpresa batzordeak ekidin nahi duena. Hainbat asteko prozesua behar da makineria itzaltzeko, eta beharginen esku-lana ezinbestekoa da prozesua aurrera eramateko.

Behin hori eginda, ez dago atzera bueltarik. Greba mugagabeak prozesua gauzatzea ekidingo luke. "Ez dugu itxieraren parte izan nahi", adierazi diote iturri sindikalek Aiaraldea Komunikabideari.

Post by @aiaraldea@tkm.eus
View on Mastodon

Mobilizazio dinamika

Urtarrilaren 27an, astelehena, langile batzarrean aurkeztuko du Guardianeko enpresa batzordeak datozen asteetarako prestaturiko mobilizazio dinamika.

Gaur elkartu dira Guardianen ordezkaritza duten ELA eta LAB sindikatuak, eta bideorri bateratua zehaztu dute. Greba mugagabeaz gain, bestelako ekimenak ere gauzatuko dituzte langileek, enpresaren itxieraren aurrean alternatibak bilatzeko.

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzarekin, Laudioko Udalarekin edota Arabako Foru Aldundiarekin batzartuko dira ordezkari sindikalak datorren astean, lantegiaren itxieraren aurrean alternatibak bilatzeko mekanismoak martxan jar daitezen.

Bestetik, manifestazio handia deituko dute ere datorren aste amaieran, herritarrak mobilizatu eta multinazionalaren erabakiaren aurka protestatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide