"Harridura eta ezinegona" adierazi ditu Eusko Jaurlaritzak Guardianek Laudioko labearen itzalketa aurreratzeko hartutako erabakiaren aurrean. Gobernuak jakinarazi du bihar dela biltzekoa enpresarekin. Horregatik, multinazionaleko zuzendaritzari eskatu diote "ez dezala hartu fabrikaren jardueraren etorkizuna hipotekatu dezakeen erabakirik bilera egin aurretik".
Horri lotuta, Jaurlaritzak iradoki du beroaldian egindako geldialdi batekin konpon daitekeela labearen "karga-hormarekin" dagoen arazoa, "edota etorkizunean labearen osotasuna bermatzeko beste irtenbide teknikoren batekin". Gauzak hala, erakunde publikoak eskatu du "bi aldeek adostutako aholkularitza tekniko independente bati" eskatzea labearen ebaluazioa, eta baita egon daitezkeen "irtenbide posibleen analisia" ere.
Enpresak asteazken honetan ekin nahi dio Laudioko fabrikako labea itzaltzeari. Horren aurrean, Enpresa Batzordeak ostegunera aurreratu zuen greba deialdia, "muga legalak errespetatuaz". Izan ere, legeak ezarritako epeek ez diote greba asteazken goizetik deitzen uzten. Hori dela eta, egun horretarako elkarretaratzea deitu du Enpresa Batzordeak lantegiaren aurrean, 7:00etatik 10:00etara. Dena den, grebaren proposamena gaur eramango dute langileen asanbladara, bertan eztabaidatzeko.