Iragan astean Guardianek Laudion duen lantegiaren itxiera, eta ondorioz, 171 langileren kaleratzeak iragarri zuenetik hainbat izan dira erabaki hori gaitzetsi duten erakunde eta agente politikoak: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, udalerriko eta inguruko alderdi eta ordezkari politikoak, sindikatuak...
Oraingoan, APILL Laudioko merkatarien, ostalarien eta zerbitzuen elkarteak ere auziaren inguruko kezka adierazi du idazki baten bidez. Elkartearen arabera, azken urteotan hainbat lantegi itxi dituzte eta horrek "ondorio kaltegarriak eragin ditu Aiaraldean". "Desindustrializazio horrek eragin oso negatiboa du merkataritzan, ostalaritzan eta tokiko zerbitzuetan, baita gure bizilagunen bizi-kalitatean ere" salatu du APILLek.
Ildo horretan, Guardianen Laudioko fabrika ixtearen aurka azaldu dira, eta elkartasuna adierazi diote langileei eta haien familiei. Erakundeei, aldiz, "irtenbideak ematea eta eskualdea berrindustrializatzeko premiaz jardutea" eskatu diete.