Gorabeherez betetako goiz baten ostean iritsi da zoritxarreko ebazpena: Guardianek bere hasierako planari eutsi dio, eta labea itzaltzen hasi da barruan dagoen beira atera gabe. Horrek, sindikatuek behin baino gehiagotan salatu dutenez, guztiz erabilgaitz utziko du azpiegitura.
Bi ordu inguruko bilera izan dute multinazionaleko ordezkariek Eusko Jaurlaritzako teknikariekin eta Enpresa Batzordeko kideekin. Azpiegiturak ikuskatzeari ekin diote jarraian, eta ondoren hartu du enpresak erabakia. Sindikatuek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzako teknikariek galdera eta zalantza ugari plazaratu dituzten arren, azkenean onartu egin dute multinazionalaren erabakia.
Goiz gorabeheratsua
Goizeko bostak aldera hasi da jendea batzen Guardianeko sarreran, bertako labea itzaltzearen aurka. Beira fabrikako langileak ez ezik, eskualdeko beste enpresa batzuetako beharginak ere batu dira protestara, eta baita herritar ugari ere.
Enpresa Batzordeko kideek azalpenak eman dituzte bertaratutakoen aurrean, lantegira sartu aurretik. Azaldu dute Eusko Jaurlaritza ez dela eurekin bildu Guardianekin atzo azken orduan erdietsitako akordioa kontrastatzeko, "langileak direnean protagonista nagusiak auzi honetan".
Handik ordubete ingurura, goizeko zazpiak baino apur bat lehenago, Guardianeko atarian egin dituzte adierazpenak ELAko Mikel Etxebarria eta LABeko Maddalen Muguruzak. Salatu dutenez, multinazionalak enpresa kanpoko langileak sartu ditu gaur fabrikaren barrura, eta salatu dute Eusko Jaurlaritzak atzo lortutako ekordioak ez duela inolako bermerik ematen.
🔴ZUZENEAN | Guardianeko atarian egin dituzte adierazpenak ELA eta LABeko ordezkariek. Salatu dutenez, Guardianek enpresatik kanpoko langileak sartu ditu gaur fabrikaren barrura.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) January 29, 2025
📲Zuzeneko kontaketa https://t.co/AW7QKfgerT atarian. pic.twitter.com/CNNxPe3TDz
Itzalketarekin aurrera, Jaurlaritzari itxaron gabe
Handik ordubetera, goizeko zortzietan, bi ordezkari sindikalek berriz hitz egin dute prentsaren aurrean, salatzeko Guardian aginduak ematen hasi dela fabrikako labea itzaltzen hasteko, Jaurlaritzako eta Osalaneko teknikariei itxaron gabe. Langileen ordezkariek "oso larritzat" jo dute enpresaren jokabidea, eta ardura hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari.
🔴ZUZENEKO KONTAKETA | Enpresa batzordeko kideek jakinarazi dutenez Guardianeko zuzendaritzak labea itzaltzeko agindua eman du, lantegaian Eusko Jaurlaritzako teknikariak azaladu ez diren arren.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) January 29, 2025
📲Zuzeneko kontaketa https://t.co/AW7QKfgerT atarian.
info+ https://t.co/9wHhYf4Img pic.twitter.com/qCAvlWQzDo
Labearen itzalketa, hasierako plana jarraituta
Ondoren iritsi dira Jaurlaritzako teknikariak, eta "tentsioz betetako bilera" izan dute Enpresa Batzordeko eta Guardianeko zuzendaritzako kideekin lantegiaren barruan, sindikatuek azaldu dutenez. Langileen ordezkarien hitzetan, erakunde publikoak eta enpresak modu ezberdinetan ulertu dute atzoko bileran adostutakoa.
🔴 ZUZENEKO KONTAKETA | Eusko Jaurlaritzako teknikariak Guardianen Laudioko lantegiko azpiegiturak ikuskatzeari ekin diote, labea itzaltzeko baldintzak dauden jakiteko. Greba deialdia indarrean mantendu dute sindikatuek.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) January 29, 2025
📲 Informazio gehiago 👉https://t.co/QJfpjsGrRE pic.twitter.com/GcIbtv5VFu
Bilera amaituta, fabrikako azpiegiturak ikuskatzeari ekin diote Jaurlaritzako teknikariek, atzo zehaztutako "itzalketa kontrolatua" egitea posible den ikusteko. Sindikatuek, euren aldetik, erabat arbuiatu dute aukera hori.
Badaude fabrika euren gain hartzeko prest egon daitezkeen inbertsoreak, Ainize Gastaka alkateak azaldu duenez. Azken albisteek, baina, asko zailduko dute aukera hori.
Handik ordubete ingurura (12:30ak pasata) iritsi da albistea: Guardianek erabaki du bere hasierako planari eutsi eta labea itzaltzen hastea, barruan dagoen beira atera gabe. Sindikatuen behin baino gehiagotan salatu dutenez, horrek "guztiz erabilgaitz" utziko luke azpiegitura, gerora beste norbaitek berriz aktibatzea galaraziz. Gainera, langileen ordezkariek salatu dute erabaki hori "Jaurlaritzako teknikarien oniritziarekin" hartu dela, atzo erakunde publikoak eta multinazionalak adostutakoaren aurka.
Badaude balizko inbertsoreak, alkatearen hitzetan
Guardian itxiko balitz, egon ahalko lirateke enpresa berriz abian jartzeko interesa izan ahalko luketen bestelako inbertsoreak. Hala azaldu du Ainize Gastaka Laudioko alkateak gaur komunikabideetan eginiko adierazpenetan. Bere esanetan, nazioarteko inbertsore egongo litzateke gutxienez interesatuta erosketan. Labearen itzalketaren albisteak, baina, asko zailduko du fabrika berriro martxan jartzea.
Greba, bertan behera
Egoera ikusita, bihar hastekoa zen greba mugagabea bertan behera uztea erabaki dute Enpresa Batzordeko kideek, eta iragarri dute mobilizazioak egingo dituztela horren ordez, gertatzen ari den guztia salatzeko.