Guardianen itxiera

Iritzi kontrajarriak Guardianen labearen itzalketaren inguruan: Langileak “abandonatuta eta engainatuta” sentitzen dira, baina Foru Aldundiak dio balizko inbertsoreen oniritzia duela prozesuak

Erredakzioa 2025ko urt. 30a, 12:31

Sindikatuetako kideak atzo, komunikabideen aurrean adierazpenak egiten. / Aiaraldea.eus

EAJk ere "lasaitasun mezua" zabaldu nahi izan die langileei zein Laudioko zein eskualdeko herritarrei.

Askorako eman zuen atzoko egunak Laudion, Guardianen labearen itzalketa dela eta. Enpresa Batzordeak oharra kaleratu zuen arratsaldeko lehen orduan, iragartzeko multinazionalaren zuzendaritzak labea itzaltzeko prozesua abiatu zuela, "urtarrilaren 21ean iragarri zuen bezala eta aurreikusita zuen bezala". 

Langileen ordezkarien hitzetan, "Enpresa Batzordeak eta Prebentzio Ordezkaritzak ahaleginak egin dituzte Guardian eta Eusko Jaurlaritzako talde teknikoaren iritzia aldarazteko, baina, azkenean, itzaltzeko prozesuari ekin zaio, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Ingurumeneko teknikarien eta Osalanen oniritziarekin, plantillaren eskaeraren gainetik". Hori dela eta, "abandonatuta eta engainatuta" sentitzen dira Eusko Jaurlaritzaren partetik, eta mobilizazioak iragarri dituzte.

Sindikatuak ere oso kritiko azaldu ziren Jaurlaritzak izandako jokabidearekin. ELAk “fartsa” moduan sailkatu du gertatutakoa, eta adierazi du “greba eskubidearen aurkako erasoa” izan daitekeela. LABek, bere aldetik, adierazi du “nazkatuta” dagoela “Eusko Jaurlaritza eta Guardianen gezurretaz”. 

"Kontaktua hainbat inbertsoreekin"

Kritika horien aurrean, Eusko Jaurlaritzak adierazi du kontaktua mantentzen duela lantegia euren gain hartzeko prest egon daitezkeen hainbat inbertsorerekin.

Baina adierazpen mamitsuenak Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak egin ditu Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan. Gonzalezek ziurtatu du labea “pixkanaka eta modu ordenatuan” hozten ari dela, eta “hainbat egun” beharko dituela horretarako. 

Baina harago joan da diputatu nagusia, esanez balizko inbertsoreek prozesu eta egoera hori ezagutzen dutela eta badakitela gauzak nola egiten ari diren. “Eurekin hitz egiten ari da, hain zuzen, eurak direlako lehen interesdunak labearen hoztea modu honetan egiteko”, adierazi zuen Gonzalezek.

Bere hitzetan, Aldundia eta Jaurlaritza “modu koordinatuan” ari dira prozesu hau bideratzen, “Industria sailaren gidaritzapean”.

Balizko inbertsoreek eurek diote labea modu egokian itzaltzen ari dela, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiaren hitzetan

Gauzak hala, Ahaldun Nagusiak uste du “serioki” egin behar dela lan jardun horri jarraipena emateko, eta defendatu zuen jarraitzen ari den prozesuak “jarraikortasun hori bermatzen eta sustatzen” duela, “are gehiago inbertsoreek eurek esaten dute hori dela modua eurak jardun horretan sartzeko”.

EAJren oharra

Aldundiaren eta Jaurlaritzaren antzeko iritzia partekatu du baita EAJk ere. Alderdi jeltzaleak “lasaitasun mezua” zabaldu nahi izan die langileei eta Laudio zein eskualdeko herritarrei. “Azken orduetan zabaltzen ari diren informazio nahasien aurrean, iturri ofizialei jarraiki, alderdi jeltzaleak azpimarratu du lantegiko labea itzaltzea ez dela berehala eta atzera bueltarik gabe ixtea, baizik eta programatutako eta teknikoki kontrolatutako prozesua dela, haren segurtasuna eta etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko”, azaldu du talde politikoak, eta azaldu du Eusko Jaurlaritzako, Osalaneko eta Industria eta Ingurumen Sailetako teknikariak ari direla prozesu osoa ikuskatzen. 

Horri lotuta, Guardianeko langileei eta haien familiei “erabateko babesa” ematen dietela berretsi dute jeltzaleek. "Guardianen eta bere enpleguen etorkizuna lehentasuna da erakundeentzat, eta erantzukizunez lan egiten jarraituko du Laudioko jardueraren jarraipena bermatuko duen irtenbide bat lortzeko".

Modu batean edo bestean, denborak esango du zer geratzen den Guardian lantegiaren azpiegiturekin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!