Felisa Astobiza Iruretagoiena eta Javi Eguia Ochoa omenduko dituzte larunbat honetako San Blas azokan

Txabi Alvarado Bañares 2025ko urt. 31a, 13:25

Iazko edizioko omenaldiko irudia. / Aiaraldea.eus

Berrikuntzekin dator aurtengo edizioa. Terentzio XV. txerria ez zen ikusgai egon atzoko merkatuan, eta Urduñako hiltegian sakrifikatu dute. 

Urterik urte eskema bera mantentzen duen jai horietako bat da Laudioko San Blas feria. Aurten ere ohiko programa izango du ekimenak, baina egongo dira zenbait berrikuntza.

Lehen aldaketa atzo bertan ikusi ahal izan zen: Terentzio XV. txerria ez zen ikusgai egon Aldai plazako azokan. Animalia hazten duten baserritarren esanetan, eskatu dizkieten neurriengatik erabaki dute txerria bizirik ez erakustea. "Kaiolatik kanpo jartzeko eskatzen ziguten eta kamioi berezi bat kontratatzea, eta ez dugu tarterik izan bi gauza horiek lotzeko", azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari. 

Gauzak hala, baserritik hiltegira eraman dute zuzenean animalia, eta prozesu horretan ere egon dira berrikuntzak, iragan irailean inauguratutako Urduñako haragi eraldaketa zentroan sakrifikatu baitute. Ildo horretan, baserritarrak oso eskertuta azaldu dira Laudioko Udalarekin, Urduñako azpiegitura hori erabiltzeko Bedarbide abeltzainen elkartearekin sinatutako hitzarmenagatik.

Omenduak

Bi berrikuntza horiek kenduta, plana urterokoa izango da: egun osoko egitarauaz gozatu ahal izango da bihar (otsailaren 1ean) Laudioko Aldai plazan, Kukutze elkartearen eskutik. 10:30ean eskegiko dute txerriaren gorpua, eta ikusgai egongo da iluntzera arte. 

Unerik hunkigarriena, aldiz, 13:15ean iritsiko da, orduan egingo baitiete omenaldia Tejeriako Felisa Astobiza Iruretagoiena eta Egia baserriko Javi Eguia Ochoari. Felisak 91 urte ditu eta bizitza osoa darama ortuan lanean. Eguiak, aldiz, abeltzain eta nekazari moduan egiten du lan.

Eskerrak eman dizkiete biei omenaldian parte hartzera animatzeagatik. Izan ere, antolatzaileen hitzetan, geroz eta zailagoa da nor omendu topatzea, belaunaldi aldaketa falta dagoelako baserritarren artean eta hainbat pertsonek ez dutelako halako aitortzarik jaso nahi, "lotsa ematen dielako".

EGITARAU OSOA

10:00 // FERIAREN HASIERA
Feriaren bendeinkapena
Baserri-lanabes eta Eskulangintzaren
erakusketa eta salmenta
Urritz Makilen Lehiaketa
Edonork har dezake parte
Partehartzaileek gehienez hiruna makila
aurkez ditzakete

10:30k baino lehen ekarri behar dira makilak
Txarripata Gastronomi Lehiaketaren
lapikoak aurkezpen hasiera
Odolostegintza
Musika giroa
Herri Kirolak
Terencio XV. Txerriaren aurkezpena

12:30 // EUSKAL DANTZAK
Untzueta Dantza Taldearekin
MUSIKA GIROA herrian zehar
Los Arlotes taldearekin

13:15 // HERRIKO BASERRITARREI OMENALDIA
Tejeriako Felisa Astobiza
Iruretagoiena eta Egia baserriko Javi
Eguia Ochoa

14:00 // TXARRIPATA XXIV GASTRONOMI LEHIAKETAREN
SARI BANAKETA

18:00ETATIK AURRERA
Dantzak Itxarkundia Dantza Taldearekin
Gastain dastaketa

19:00 // ERROMERIA

20:30 // ZOZKETA
Pisaketa Terencio XV 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide