Guardianen itxiera

Guardian Express Auto, 2013ko salmenta eta kaleratze kolektiboa eta domino piezen erorketaren aurrekaria

Aitor Aspuru Saez 2025ko ots. 6a, 07:00

Pasa den asteko ostiraleko mobilizazioaren irudia. / Aiaraldea.eus

Guardian Llodioren itxiera gauzatzeko, hainbat maniobra egin dituzte urteetan Guardian Groupek zein Koch Industriesek. Batzuk agerikoak izan dira, baina beste batzuk ikusezinagoak, eta horien artean dago Guardian Express Autoren salmenta Carglassi eta bertako langile guztien kaleratzea.

2025eko urtarrilean zauri sakon ugari ireki dira Guardian Express Auto enpresan lan egin zuten beharginen artean. Izan ere, 11 urte igaro badira ere, euren kaleratzeak izugarri mingarriak izan ziren, baina gutxik nabaritu zituzten.

Berez, 2013ko abenduaren 3an jakin izan zuten Guardian Express Auto Laudioko langileek (ia guztiak emakumezkoak) Carglassi salduko ziotela enpresa. 2014ko urtarrilaren 14rako kale gorrian zeuden guztiak.

Zer zen Guardian Express Auto?

Guardian Express Auto eta Guardian Home enpresa bera izan ziren 2013ra arte. Biek eskaintzen zieten arreta bezero zuzenei (erabiltzaileei) euren kristalak konpontzeko. Auto atalak ibilgailuen bezeroak hartzen zituen; bai erosleak, zeinek zuzenean deitzeko aukera zuten, edo aseguru etxeen bitartez heltzen zirenak.

Home dibisioa, aldiz, irekita dago oraindik, eta bere eginkizuna da etxeko kristalen konponketa hartzea bere gain. 

Auto Expresseko langileek azaldu dute fakturazio gehiena eurek egiten zutela.

2013ko abenduaren 3an jakin izan zuten Guardian Express Auto Laudioko langileek (ia guztiak emakumezkoak) Carglassi salduko ziotela enpresa. 2014ko urtarrilaren 14rako kale gorrian zeuden guztiak.

2013ko udan, bi atalen zatiketa

Guardian Llodio lantegian zituzten bulegoak bi atalek, enpresa bera baitziren, baina 2013ko udan bi lerroak zatitu eta bi enpresa ezberdin sortu zituzten: Guardian Express Auto eta Guardian Home.

CIF ezberdinekin hasi ziren lanean eta langileen ezagutza zutenek mugimendu arraroak sumatzen hasi ziren. "Batzuk konturatu ginen enpresako karguen artean senideak zituzten langileak Guardian Homera bidaltzen ari zirela", adierazi du behargin ohi batek.

Gauzak horrela, eta nahiz eta zurrumurruak existitzen ziren, Guardianek beti ukatu zuen Guardian Express Auto salduko zionik Carglassi, harik eta beiraren sektoreko webgune batek publiko egin zuen arte. Orduan, bai, multinazionalak adierazi zien salduko zutela adar hori.

Carglassen esku urtarrilaren 1etik eta guztiak kalera

Carglass konpainiaren erosketa 2014ko urtarrilaren 1ean egikaritu zen eta beharginak 14ra arte egon ziren lanean Laudion. 14an, ordea, Carglassek bilera deitu zuen Bilboko hotel batean eta jakinarazi zien guztiak kaleratzeko espedientea abiatuko zuela, lanpostuak bikoiztuta baitzeuden.

Langileei aukera eman zieten Mollet del Vallesera joateko (bulego zentraletara) elkarrizketa egiteko.

Guztira, Carglasek (eta Guardianek zeharka) 30 langile kaleratu zituen Laudion egun batetik bestera. Horien artean zeuden 'call center'-ekoak, administrariak eta erosketetakoak.

Carglasek (eta Guardianek zeharka) 30 langile kaleratu zituen Laudion egun batetik bestera. Baina enplegu suntsiketa handiagoa izan zen berez, frankizia bitartez lan egiten zuten tailerretako zein tailer propioetako 99 behargin langabezian geratu baitziren

Dena den, enplegu odolustea askoz zabalagoa izan zen, frankizia bitartez lan egiten zuten tailerretako zein tailer propioetako 99 behargin langabezian geratu baitziren.

Kolpea ez zen samurra izan Laudion aritzen zirenentzat: "Guardianek behin eta berriro errepikatu zigun lasai egoteko, guztientzat mesedegarria zelako salmenta eta gure lanpostuak mantentzea operazioaren baldintza bat zelako".

Guardian Express Autoko lan baldintzak

Guardian Express Auto Laudion, neurri handi batean, 'call center' (dei zentro) bat zen. Hau da, langileek (emakumezkoak guztiak) erabiltzaileen deiak jaso eta erantzuten zituzten.

Guardianek ezarritako helburua zen ahalik eta bezero gehien euren tailer propioetara bideratzea. "Bezeroak zuen azken erabakia, baina enpresak etengabe esaten zigun lortu behar genuela Guardianeko tailerretara joatea, bai propioak edo frankizia bidezkoak. Tailer mugikorra ere bazegoen. Pizgarriak eta helburuak genituen eta horren arabera kobratzen genuen".

Guardian Express Autoko beharginek ez zuten lan hitzarmen propiorik eta 40 edo 30 orduko lanaldiak zituzten; larunbatetan ere lan egiten zuten. 40 orduko kontratuak zituztenek 08:00etatik 15:00ak arte edo 15:00etatik 22:00ak arte lan egiten zuten astean zehar eta 09:00etatik 14:00ak arte larunbatean. 30 orduko kontratuak zituztenek antzeko ordutegiak zituzten. 

'Call center'-ean aritzen ziren emakumezkoek 80 eta 100 dei artean jasotzen zituzten egunero, baina ez ohiko gertakariek biderkatzen zituzten. "2009ko uztailean txingorra erori zen eta 1.200 dei izan genituen!", aipatu du langile ohi batek.

Jazarpenaren itzala

Langile ohiek zein Guardian enpresako sindikatuetan aritzen ziren kideek gogoratzen dute Guardian Express Autoko baldintzak oso gogorrak zirela eta jazarpenetik oso gertu zeudela. "Komunean zenbat denbora ematen genuen kronometratzen ziguten, eta, euren iritziz, ez genuen kafea hartzeko atsedenaldirik eta kargu hartzen ziguten kafe makinan bi minutu igarotzen bagenituen, mahaira eraman ordez", salatu du behargin ohi batek.

ELA sindikatuan aritutako Glavistako kide batek oroitu du testua kaleratu zutela iruzkin desegokiak egiten zizkietelako langileei. "Hilekoari buruz, adibidez", ekarri du gogora.

Oroitzapen gogorrak

Kaleratuak izan ziren langileentzako oso esperientzia latza izan zen Guardian Express Autorena: "Gezurren bitartez atzeko atetik bota gintuzten, inolako zaratarik sortu gabe. Ez genuen ez erakunde publikoen, ez lankideen babesik izan. Dena izan zen isiltasunean eta bat-batean", aipatu du langile ohi batek.

Bereziki umiliagarria izan zen konturatzea enpresak hainbat gezur esan zizkiela: "Dena onuragarria izango zen eta beste lanpostu bat topatzeko enpresa kontratatuko zutela esan ziguten. Azkenean, konturatu ginen enpresa hori coaching-a egiten zuela eta gehienbat curriculumak dotoretzeko balio zuela".

Hitz onak ere badituzte Guardian Llodio konpainiako sindikalista bati buruz: "Enpresak esan zigun behin salduta, gutxieneko zerbitzuak egongo zirela, eta ez itzultzeko Laudioko bulegoetara, ez zelako behar, Carglassek deituko zigula. Oscar, ELA sindikatukoak, ohartarazi zigun ez egiteko hori, leporatu ahal zigutela lantokira ez joatea gu kaleratzeko. Lankide guztiok joan ginen bulegoetara, bota gintuzten arte. Guardianek behin eta berriro esaten zuen ez genuela aholkularitza legalik".

Hori guztia aintzat hartuta, aste hauetako albisteak eta egoerak euren esperientzia okerrenak berpizten ari dira eta batzuk konturatzen ari dira "inoiz guztiz sendatu ez den zauria berriro irekitzea dela".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide