Hasieratik buruan zuen bideorriari eutsi dio Guardianek. Urtarrilean iragarri bezala, martxoan kaleratu nahi ditu Laudioko lantegiko behargin guztiak, Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkeztu eta negoziatuta horretarako.
Hala helarazi zion zuzendaritzak Enpresa Batzordeari atzo izandako bileran. Berez, hilabete bat iraun behar du espedientearen kontsulta faseak, zuzendaritzak langileak kaleratu baino lehen. Gauzak hala, enpresaren plana beteko balitz, udaberriaren hasierarako kalean egon ahalko lirateke behargin guztiak.
Gauzak hala, Laudioko beira-fabrika bere gain hartu nahiko lukeen inbertsore bat agertzea izan ahalko litzateke itxiera eta kaleratzeak ekiditeko bide bakanetako bat.
Hala ere, aukera hori urrun dagoela dirudi. Arabako Garapen Ekonomikoko diputatua den Saray Zaratek komunikabideei jakinarazi zien multinazionala prest zegoela balizko inbertsoreen eskaintzak entzuteko, eta hala helarazi ziola enpresak berak Eusko Jaurlaritzari, astelehenean izandako bileran. Baina asteazkenean Jaurlaritzak aitortu zien langileen ordezkariei ez zela inbertsorerik egongo "epe motz-ertainean", eginiko kontaktuak "oso hasierako fasean" zeudelako.