Inauterien aurreko igandean ospatzen da Kanporamartxo aspalditik eskualdeko hainbat txokotan. Laudion 2017an berreskuratu zen ohitura hori, urte luzez egin gabe egon ostean.
Astea bukatzearekin batera helduko da aurtengo hitzordua eta goiz osoko egitaraua prestatu dute horretarako. 11:00etan Herriko Plazatik Larrazabalgo San Joan Astobitza baselizara abiatuko dira herritarrak kalejiran. 2 kilometroko ibilbidea da, baina nahiago dutenek autoz bertaratu ahal izango dira.
Behin bertan, eguerdian, Guzuraretx zuhaitza neurtu eta omenaldia egingo diote Arloteek, Gernikako arbola eta El roble y el ombú kantak abestuko baitizkiote.
Horren ostean, 12:30ean, txitxi-burruntzia egingo dute, eta bakoitzak eramango dituen txerrikiak prestatuko dituzte, hurritz-makilen laguntzaz. Arloteek eta trikitilariek girotuko dute eguna.