Laudioko EAJko udal taldeak urrats berria egin du salatzeko EH Bilduko udal gobernu taldeak ez dituela bere galderak erantzuten. Zehazki, kexa formala bideratu dute jeltzaleek Arartekora eta Eusko Jaurlaritzako Sarbiderako Batzordera.
EAJk Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoan eta Eusko Jaurlaritzan erregistratutako idazkian argudiatu du EH Bilduk ez diola funtsezko gaiei buruzko informazioa eman sistematikoki. Jeltzaleek azpimarratu dute hori betebeharra dela eta gai garrantzitsuei eragiten diela, hala nola kontratazioei, dirulaguntzei, udal-ekipamenduei, obrei eta aurrekontu-kudeaketari.
Ander Añibarro taldeko bozeramaileak honakoa adierazi du: "Informazio hori bide ofizialetatik, osoko bilkuretan, batzordeetan eta idatziz eskatu diogu Ainize Gastaka alkateari, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso. Gardentasun falta horrek ez digu guri bakarrik eragiten oposizioko talde nagusi gisa, baita herritarrei ere, udal baliabideak nola kudeatzen ari diren jakiteko eskubidea baitute".
Añibarroren aburuz, "udal-informazioa eskuratzea ez da pribilegio bat, udal-korporazioa osatzen duten talde politikoen oinarrizko eskubide bat da, eta Gobernu-taldearen betebehar bat".
Laudioko EAJk oharra zabaldu zuen pasa den astean ere, gardentasun eta profesionaltasun falta leporatzeko udal gobernuari.