Aiaraldea Komunikabideak atzo jaso zuen bi gizonezkoren atxiloketa Motxotekalen eta Ertzaintzak berak xehetasun gehiago eskaini ditu gaur prentsa ohar bidez.
Poliziaren arabera, 19:15ak aldera auzokide batek deitu zien salatzeko ezezagunak sartu zirela alboko etxebizitza batean.
Ertzainak Motxotekalen agertu zirenean, bi herritar topatu zituzten susmagarri bati heltzen eta ihesean joaten ari zen beste bat. Agenteek harrapatu zuten korrika ari zen gizona, eta bi susmagarriak miatzean, giltza-sorta bat, gakordeak eta etxebizitzan zegoen kutxa gotor bat topatu zituzten.
Gauzak horrela, 52 eta 55 urteko gizonezkoak atxilotu zituzten eta indarrez bitarteko lapurreta egotzi zieten. Dirudienez, aurrekariak dituzte eta gaur bertan igaro dira epaitegitik.