Ostiralean jokatu zen Euskadiko VII. Olinpiada Filosofikoaren finala Eusko Jaurlaritzako egoitzan, Gasteizeko Lakua auzunean. Laudio Institutuak ordezkaritza zabala izan zuen eta bere kideetako batek, Aizpea Azumendi Baladok, eraman zuen Udako Euskal Unibertsitatearen Laratz Saria, euskarazko defentsarik onena egiteagatik.
Horrez gain, 'Argazki Filosofikoa' eta 'Disertazioa' kategorietan bigarren izan zen ikaslea. Ikastetxeak oraindik ez daki Espainiako Estatuko finalean arituko den. Izan ere, partaide kopuru handia egon zen Euskadiko finalean eta uste dute aukerak izan ditzakela parte hartzeko.
Aizpea Azumendi Baladorekin batera, Carla Vilariño Guerrero, Lucia Arroyo Escudero, Maider Escobar Otaola, Patience Idemudia Osamwonyi, Nawal Kadaoui Malki, Andere Ramirez Garcia eta Araitz Zabala Zurimendi ere sailkatu ziren EAEko finalean.
Gainera, aipatu beharra dago iaz bi Laratz Sari irabazi zuela Laudio Institutuak ere, Martin Larizgoitia eta Andere Ramirezi esker.