Laudio Institutuak balorazio hobezina egin du Euskadiko VI Filosofia Olinpiadari dagokionez. Martxoaren 15ean izan zen hitzordua Eibarko Armeria Eskolan eta guztira zortzi aitortza eskuratu zituzten ikastetxeko gazteek.
Hain zuzen, DBH 2. mailako Martin Larizgoitiak marrazketa filosofikoaren 1. postua eskuratu zuen eta baita Laratz Saria ere, UEUk euskarazko aurkezpen onenei ematen diena.
Dilema moralaren diziplinan, DBH 4. mailako Andere Ramirezek, irabazle izateaz gain, beste Laratz Sari bat lortu zuen. Horrez gain, Batxilergo 2. ikasturteko Ekain Aretxagak Laratz Saria eta 2. postua lortu zituen Disertazioaren modalitatean.
Hala ere, aitortza gehien metatu zituen gaztea Batxilergoko 1. ikasturteko Aizpea Azumendi izan zen, bi modalitateetan izan baitzen garaile; argazkian zein disertazioan. Hori gutxi balitz, beste Laratz Sari bat eraman zuen Laudiora.
Espainiako Estatuko Filosofia Olinpiaden finalak
Aipatutako ikasle guztiek EAE ordezkatuko dute Bilbon apirilaren 19an eta 20an jokatuko diren Espainiako Estatuko finaletan.
Edonola ere, ez dira eskualdeko finalista bakarrak, argazkilaritzan Luna Hageneier de la Torre eta dilema moralean Iraia Navarro Merino eta Patience Idemudia Osamwonyi egongo baitira ere finaletan.
Laudio Institutuko komunitatea pozik
Laudio Institutuko hezkuntza komunitateak poztasun handia adierazi du hilabete hauetan izandako emaitzekin, baina azpimarratu du ez dela egun bakarreko kontua. Izan ere, azken urteetan parte hartze arrakastatsuak izan dituzte. Horren adibide da Patience Idemudia, iazko finaletan parte hartu baitzuen eta aurten ere egingo du.
2021ean Ane Murga Penasek ere lehiatzeko aukera izan zuen nazioarteko esparruan, eta Noam Chomskyren ekarpenak jaso zituzten.
Ibilbide luze horren barruan, dena den, nabarmendu dute aurten lau diziplinetatik hirutan gailendu direla tokiko ikasleak eta garrantzia eman diete Laratz Sariei, UEUk horrekin aitortzen baititu euskaraz egindako hitzartze onenak.