Dozenaka emakume bildu ziren atzo Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan, Martxoaren 8a dela eta osatutako bideokliparen estreinaldian. Zea Maysen Elektrizitatea kantua bertsionatu dute herriko hainbat kultur eta kirol talde zein eragile sozialetako partaideen artean.
Laudioko Udaleko Gobernantza Feminista sailak sustatu du ekimena, "emakume-belaunaldi ezberdinen borroka ikustarazteko" helburuarekin. Bihar (martxoak 5) berriro proiektatuko dute ikus-entzunezkoa, 18:30ean Lezeaga aretoan.
Jarduera ugari Martxoaren 8rako
Bideokliparen estreinaldiarekin abiatu du Laudioko Udalak Martxoaren 8rako prestatutako programa. Hilaren 19ra arte luzatuko da jarduera-sorta, eta hainbat ekitaldi berezi egongo dira tartean.
Solastiar eta Avillo elkarteek 30 urte bete dituzte eta dokumentala eta liburua aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren.
Izan ere, Solastiar eta Avillo emakumeen elkarteek 30 urte betetzen dituzte aurten, eta hilaren 6 eta 12an ospatuko dituzte urtemugak, hurrenez hurren. 18:30ean izango dira bi zitak, Kasinoan. Solastiarrek bere ibilbidea laburbiltzen duen dokumentala aurkeztuko du. Avillok, aldiz, liburu bat aurkeztuko du xede berarekin. Isabel Urkijo Azkarate izan da bi egitasmoen egilea.
Martxoaren 7a eta 8a, aldiz, aldarrikapenerako egunak izango dira. Ostiralean adierazpen instituzionala irakurriko dute 12:00etan Herriko plazan, eta larunbatean elkarretaratzea egingo dute, toki eta ordu berean, mugimendu feministaren kalejira abiatu baino lehen.
Horrez gain, hitzaldi, tailer edota zineforumek ezaugarrituko dute datozen egunetako egitaraua. Hemen ikusi daitezke programa osoa.