Ez dute akordiorik lortu Laudioko zabor bilketa pneumatikoaren zerbitzuko langileek gaur arratsaldean Envac Iberia SA enpresako zuzendaritzarekin izandako bileran eta, ondorioz, grebara joko dute bihar.
Hilabeteko lanuztea egingo dute beharginek, lan hitzarmen propioa lortzeko. Berez, gaur hasiko zuten greba, baina 24 orduko etenaldia egin dute azken unean, enpresak gaur arratsaldean biltzea proposatu die eta.
Galdakao, Barakaldo, Donostia eta Laudioko Udalei ematen die zerbitzua Envac Iberia SA konpainiak. Hori dela eta, ELA sindikatuak aurreratu du elkarretaratzeak egingo dituztela udalerri horietan, "Barakaldo eta Laudioko udaletxeen aurrean gehienbat".
Laudioko zabor jasoketa kudeatzen duten langileak estatuko hitzarmenaren menpe daude, "1.789 orduko lan jardunaldiarekin eta soldata prekarioekin", sindikatuak salatu duenez.