Emaitza oparoak utzi zituen 2024. urteak Vidralarentzat. Laudioko multinazionalak 298,3 milioi euroko mozkin garbiak lortu zituen iaz, 8,85 euro enpresak duen akzio bakoitzeko, 2023an baino %28,5 gehiago.
Beirazko botilak ekoizten dituen konpainiak 1.588,3 milioi eurotan baloratutako salmentak egin zituen orotara, eta bere zorrak ia erdira murriztea lortu zuen gainera, 472,2 milioi eurotik 248,3 milioi eurora igarota.
Zuzendaritzako kideek argudiatu dute emaitza positibo horiek "argi islatzen" dutela zertan bilakatu den Vidrala: "Enpresa dibertsifikatuago, lehiakor eta biziago batean". Horri lotuta, nabarmendu dute enpresa "ondo kokatuta" dagoela "etorkizunera begira", nahiz eta "ezegonkortasun makroekonomiko geroz eta handiagoa" egon.
Horri lotuta, aipatu dute Iberiar Penintsulan duten "ekoizpen-ahalmenaren lehiakortasunaren optimizazioa" gauzatzen ari direla horri aurre egiteko, eta hiru lehentasun estrategiko dituztela epe luzera begira: "bezeroak, kosteak eta kapitala".
Hain zuzen, ekoizpen-ahalmenaren optimizazioari erantzuten dio multinazionalak Aiala Vidrio Laudioko lantegian abian jarri duen automatizazio prozesuak. Bideorri horren helburua da Laudioko azpiegiturak 90 langile gutxiagorekin lan egitea, eta 2023ko amaieran urrats esanguratsuenak bide horretan, hainbat beharginekin kaleratze adostuak eginda.