Kalean bizi diren pertsonei nola lagundu pentsatzen hasteko “esperientzien mahai-ingurua”, gaur Laudion

Erredakzioa 2025eko martxoaren 18a

Mahai-inguruaren kartela. / Aiaraldea.eus

Euskal Herriko lau eragileren esperientziak ezagutzeko aukera egongo da 18:30ean Laudioko Kultur etxeko Arraño aretoan. 

15 pertsona daude gutxienez Laudion kalean bizitzen. Hori ondorioztatu zuten iazko urrian eginiko zenbaketan. Igoera esanguratsua izan zen, bi urte lehenago eginiko kontaketan ez baitzen inor topatu herriko karriketan lo egiten. 

Egoera berri horrek bultzaturik, bizilagun talde bat biltzen hasi zen urte hasieran, “egoera horri erantzun posibleak” bilatzen hasteko asmoz. Hainbat bilera egin dituzte ordutik hona, eta gaur (martxoak 18) egingo dute lehen ekitaldi publikoa, 18:30ean Laudioko Kultur Etxeko Arraño aretoan. 

“Esperientzien mahai-ingurua” antolatu dute, Euskal Herriko hainbat eragileetako kideak gonbidatuta, euren herri eta auzoetan zer nolako ekimenak egin dituzten ikusi, horietatik ikasi eta pentsatzen hasteko herrian zer eta nola egin daitekeen. 

Lau pertsonek hartuko dute hitza orotara: Ridouane Chakouch Laman (Agharaseko kidea, Bizkaiko Imazighen Elkartea), Carlos Saez de Lafuente Zabala (Getxoko Ongi Etorri Errefuxiatuak), Luisa Menendez (Bilboko Alde Zaharreko Ongi etorri errefuxiatuak) eta Atxuri Harrera Elkarteko ordezkari bat. 

Antolatzaileek bizilagun guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbita, eta baita eskualdeko gainontzeko herritarrei ere. Izan ere, kalean bizi diren pertsonen zenbaketa Laudion soilik egin zen iaz (Amurriok eta Urduñak 2020 eta 2018an utzi zioten zenbaketak egiteari, hurrenez hurren), baina ekimenaren sustatzaileak ziur daude Aiaraldeko beste udalerrietan ere dagoela antzeko egoeretan bizitzen ari direnak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide