Gazteen artean xakearen praktika eta zaletasuna bultzatzeko, Laudioko Xake Kirol Klubak txapelketa egingo du martxoaren 28tik apirilaren 4ra bitartean.
14 urtetik azpiko kirolarientzako deialdia da eta parte hartzaile bakoitzak bost partida jokatuko ditu. Izena emateko interesa dutenek laudioxake@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali behar dute.
Antolatzaileek aurreratu dute lehiatzen diren guztiek oroigarria izango dutela.
Harrobia sortzeko ekimena
Zaletasuna sustatu ez ezik, Laudioko klubak badu beste helburu bat ere horrelako egitasmoekin: jokalari berriak erakartzea. Izan ere, pasa den asteburuan laudioarrek lortu zuten Arabako Txapelketa irabaztea eta, ondorioz, Euskal Ligan arituko dira hurrengo denboraldian.
Gauzak horrela, kluba indartu nahi dute, exijentzia maila igoko baita, eta horretarako ezinbestekoa da jokalari gazte berriak batzea proiektura.