Greba mugagabean daude Aiala Vidrioko langileak, zuzendaritzak 13 pertsona kaleratu nahi dituelako. Gaur hasi dute lanuztea, eta arrakastatsutzat jo dute. Izan ere, gutxieneko zerbitzuak baino ez dira sartu lantegira, enpresa batzordearen hitzetan.
Goizeko seietan hasi dute piketea beira fabrikako sarreran, langileen asanblada eginda. Lasai joan da goiza eta ez da inolako gatazkarik egon. Goizeko zortziak aldera lantegira sartzen saiatu dira bulegoetako kide batzuk, giza baliabideen arduraduna tartean. Beharginek bidea itxi diete autoei eta, ondorioz, kanpoan aparkatu eta oinez sartu behar izan dira, grebalarien oihuen artean.

Ertzaintzak ez du esku hartu, baina poliziek langileengana jo dute gero, ohartarazteko hurrengoetan autoei pasatzen utzi behar dietela.
Enpresa batzordeko kideak pozik agertu dira goizak izandako harrearekin, dozenaka langile bertaratu baitira piketera.