Guardianen itxiera

LABek salatu du Eusko Jaurlaritzak Guardianen bide-orria jarraitzen duela eta 171 langileen enplegua mantentzea ez dela bere lehentasuna

Erredakzioa 2025ko mar. 26a, 20:25

Guardian enpresako langileek Bilbon egindako mobilizazioa./ Aiaraldea

Sindikatuak horrela erantzun dio Mikel Jauregi Industria Sailburuak esandakoari.

Mikel Jauregi Industria Sailburuak atzo adierazi zuen Eusko Jaurlaritza prest dagoela Guardian enpresaren erosketan parte hartzeko zenbait baldintza betez gero, eta gaur bertan erantzun dio LAB sindikatuak.

Izan ere, langile erakundearen ustez, kaleratzeko arriskuak dauden 171 beharginen lanpostuak mantentzea ez da izan lehentasuna Eusko Jaurlaritzarentzat: "Ez dago arrazoi tekniko edo produktiborik, eta are gutxiago ekonomikoak, saihestezina denik; aitzitik, kalkulatutako estrategia bat da, lantegia ixtera eta 171 lanpostuak suntsitzera daramana. Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzak entzungor egitea erabaki zuen, eta Guardian enpresari labea hozteko prozesua aurrera eramatea ahalbidetu zaio, benetako negoziazio-biderik ireki gabe, langileekin kontatu gabe eta inbertitzaileak edo jarduera industrialari jarraipena emango lioketen proiektuak bilatzeko aukerarik aztertu gabe, lan-kontratuak suntsitzeko EEE-a iritsi aurretik".

Alegia, LABen ustez, kaleratzeak ez dira ahalbidetu behar: "Multinazionalak ezarritako ibilbide-orria besterik gabe onartu beharrean, erakundeek benetako negoziazio-esparru batean lan egin beharko lukete, non langileek ere ahotsa izango duten eta egungo arazoari erantzuteko benetako konponbideak bilatuko diren".

Hori dela eta, sindikatuak hausnarketarako deia zabaldu du: "Eusko Jaurlaritzak eta instituzioek horrelako egoeretan benetan esku hartzeko duten gaitasunari buruzko hausnarketa egitea eskatzen dugu. Ezin dira multinazionalen erabakien aurrean ikusle hutsak izan. Interes guztiak ordezkatuta egongo diren negoziazio-esparruak ireki behar dira".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide