"Biziki deitoratu" du ELAk Guardianeko langileen gehiengoak iragan ostiralean hartutako erabakia, "multinazionalak plantillari egindako presioen ondorio" dela argudiatuta. Era berean, erakundeen papera ere salatu du sindikatuak, eta "Eusko Jaurlaritzaren paperan" jarri du begirada batez ere, "labearen itxiera irregularra baliozkotu baitzuen".
ELAko kideek nabarmendu dute Guardian epaitegietara bidaltzeko hautua defendatu zutela ostiraleko asanbladan, baina langileen gehiengoak egin zuten enpresaren proposamenaren alde.
Hala ere, ekoizpeneko beharginen artean oso estua izan zen emaitza: 67 langile lerratu ziren kalte ordaina onartzearen alde, eta 65k defendatu zuten epaitegietako bidearekin jarraitzea. Bulegoetako kideen artean, aldiz, 30 pertsonek bozkatu zuten enpresaren proposamenaren alde, eta hiruk baino ez zuten egin bat sindikatuen estrategiarekin.