Guardianen itxiera

"Eusko Jaurlaritzaren pasibotasunaren eta gelditasuna" salatu ditu LABek Guardianen itxieraren aurrean

Txabi Alvarado Bañares 2025ko api. 7a, 21:28

LABeko kide bat prentsaren aurrean, Guardianen itxieraren aurka eginiko mobilizazioetako batean. / Aiaraldea.eus

Sindikatuaren ustez, multinazionaleko zuzendaritzak "higadura eta ziurgabetasuna" baliatu ditu langileek "borondateak menderatzeko".

LABek ere oharra plazaratu du Guardianeko langileen gehiengoak hartutako erabakiaren aurrean. Sindikatuak nabarmendu du "kontrako jarrera argia eta sendoa" izan duela prozesuaren hasieratik, eta "ezinbestekoa" zela bide juridikora jotzea. "Hala ere, enpresak prozesua kalte ordainekin bakarrik ixteko egindako presioek eragina izan dute: langileen gehiengo batek eskainitako kalte-ordaina onartzea erabaki du, eta, horrela, bide judizialetik jarraitzeari uko egin dio", azaldu du langile erakundeak. 

Gauzak hala, LABeko kideek uste dute Guardianek "azken unera arte" jokatu dituela bere kartak, "higadura eta ziurgabetasuna erabiliz borondateak menderatzeko, pertsonen bizitzarekin eta lanpostuekin jolastuz". Horren aurrean, sindikatu abertzaleak aldarrikatu du ezin dela halakorik gertatu, eta "inpunitate osoz jardutea" ekidin behar zaiela multinazionalei. 

Horrez gain, erakunde publikoen jarrera ere salatu du LABek, Eusko Jaurlaritzak "ikusle soila" izatea erabaki duela nabarmenduta: "Pasibotasun instituzional horrek multinazional handien boterea indartzeko baino ez du balio, gure herrialdeko ehun produktibo eta sozialaren kontura". 

Sindikatuko kideek ziurtatu dute "erakundeen ate posible guztiak" jo dituztela, baina "ekintza eza" baino ez dutela aurkitu, "prentsan egindako adierazpenetatik harago". Horren aurrean, aldarrikatu dute jarraituko dutela "langile klasearen eskubideak" defendatzen eta "pertsonen zerbitzura egongo den" industria politika eskatzen.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide